Euskaraldiaren bilera batean, aurreko egunean, Arrankudiagan ekimen honetan parte hartuko duen jende kopuruaren gaineko kezka agertu zen, jende gutxik eman duelako izena, kontuan izanik Arrankudiaga herri euskalduntzat jo izan dugula beti. Baina Euskaraldia bera egungo errealitatearen argazki soila izaten ari da, non nahiko kezkagarria den azken urteetan euskarak herrian hartu duen joera, gero eta euskara gutxiago entzuten baita oro har kalean, eta herriko esparru gehienetan. Egoera kezkagarria honen adierazle bat da euskararen errebindikazioa beren helburuen artean duten eragile batzuen bilerak edo ekintzak ere gaztelania hutsean egiten direla sarritan.
Baina azken aldian ikusi diren emaitzei erreparatuta, ikusten da kezka ez dela Arrankudiagara mugatzen; Euskal Herri osoan zabaltzen den kezka da: soinean euskararen aldeko txapa bat jartzeak ere moda izateari utzi dio (orain arte, beste errebindikazio batzuk bezala, moda bakarrik izan da, praktikan benetako defentsa egin gabe) eta euskararen erabilera nahiko urria da.
Gazteak izan daitezke joera onen argazkirik argiena. Euskaraz ikasi dugu edo ikasten ari gara gazte gehienak; baina, eguneroko bizitzan, gure artean, euskara erabiltzea nahitaezkoa den lekuetan baino ez dugu erabiltzen askotan. Behartuta erabiltzen dugu arlo batzuetan, testuinguruak eraginda: ikasketen arloan, espazio jakin batzuetan… Tristea bada ere, arraroa egiten da gazte koadrila bat euskara hutsean hitz egiten entzutea, Euskal Herriko zonalde jakin batzuetan ez bada. Eta zer esan umeen errealitateaz?! Eskolatik kanpo apenas erabiltzen dute euskara; arrotz egiten zaie gure hizkuntza eremu horretatik at. Argi dago pertsona helduak, bereziki nagusiak, oso garrantzitsuak direla hizkuntzaren transmisioan. Baina ondare horren etorkizuna ume eta gazteon esku dago.
Esandako guztiarekin, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa sakona egin beharko litzateke eta gure hizkuntza gehiago erabiltzearen beharra azaleratu. Euskara da euskaldun egiten gaituena, eta Europako hizkuntzarik zaharrena; ez dezagun gal.
Bide honetan, ondo dago Euskaraldia bezalako ekimenetan parte hartzea. Baina uste dut ez dugula parte hartu behar beste norbaitek konbentzituta edota behartuta, baizik eta guk benetan sinetsita, eta euskararen defentsan gure alea beharrezko dela ikusita. Argi izan behar dugu horrelako kanpainak ezin direla txapa bat eramatera mugatu; errealitatean hartutako konpromisoa bete behar dugu, eta ondoren autokritika egin, benetan ikusteko euskarak egun gure buruan dituen trabak, eta bidean aurrera egiteko. Euskararen aldarrikapen onena euskara urte osoan erabiltzea baita (hau izan behar da, etorkizunera begira, Euskaraldiaren helburua) eta ez 11 egunez txapa bat soinean eramatea. Erabil dezagun orain euskara 11 egun hauetan.
Eta, aurrerantzean, defenda dezagun gure hizkuntza urteko 365 egunetan. Ez dezagun gure hizkuntza zaharra hiltzen utzi!
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.