Lagun horiek,
Etxaurren dut izena eta oroitzapenak ditudanetik euskaraz hitz egiten dakit. Artziniegako eskolan ikasten nuenetik, euskaraz izan ditut irakasgai guztiak, beraz euskara eta gaztelania maila berean ezagutu ditut bizitza osoan zehar. Hala ere euskara betidanik eskola-hizkuntza izan da nire inguruan. Honekin esan nahi dudana da nahiz eta ikaskide guztiok euskaraz jakin izan dugula beti, eta irakasleekin euskaraz mintzatu garen, gure artean beti gaztelania erabili dugula. Nire bizitzan (eta suposatzen dut nire adineko euskaldunen %90aren bizitzetan) oso ohikoa da eskolan lagunen batekin erdaraz hitz egiten egotea eta irakasleari zuzentzerakoan, euskarara pasatzea.
Asko gustatzen zait euskaraz mintzatu eta idaztea, oso harro nago euskara ezagutzeaz eta gaur egun nire inguruan saiatzen naiz euskara erabiltzen, baina onartu beharra dut ez dela batere erreza. Nagusitzen hasi nintzenean, eta institutura, batxilergora eta bereziki unibertsitatera joan nintzenean, kontzientzia hartzen hasi nintzen euskararen inguruan dugun arazoari buruz. Guztiok hitz egiten dakigu baina gehienek ez dute ezta egunean behin erabiltzen. Ez dakit zergatik gertatzen den ezta nola konpondu daitekeen.
Euskaldun askok, euskararekin erlazionaturiko hamaika ekintzetara joaten dira, esate baterako Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Korrika… eta bertan gaztelaniaz mintzatzen dira. Euskaraldiarekin aukera desberdinak ikusten ditut, lehenik eta behin hamaika egunetan zehar luzatzen delako eta beste alde batetik mota desberdinetako ekintza anitzak prestatu direlako, zeinetan euskara era naturalean erabili daiteke. Ez da soilik alkoholez inguratutako egun bateko farra.
Niretzat ez da batere zaila jende berriarekin euskara erabiltzea, esate baterako denda edota taberna batean sartzen naizenean beti euskaraz agurtzen ditudalako langileak edota unibertsitatean jende berria ezagutzerakoan euskaraz berba egiten saiatzen naizelako. Benetan zaila iruditzen zaidana eta hamaika egun hauetan zehar zaila ikusten dudana da betidanik erdaraz mintzatu naizen pertsonekin euskara erabiltzea gaztelaniaz hitz egiten amaitu gabe. Azkenean nire ustez ohitura berriak sortzea ez da zaila, zailena da sortuta ditugunak aldatzea.
Amaitzeko, esango dut saiatuko naizela nire herrian eta inguruan nahiz unibertsitatean egingo diren ahalik eta ekintza gehienetan parte hartzen eta euskaraz mintzatuko naizela bai bertan, bai inguru horiez kanpo ere. Benetan gustatuko litzaidakeela hamaika egun hauen ostean zerbait aldatzea gai honen inguruan, ez bada jendearen erabileran, behintzat kontzientzia hartzen hasteko balio izatea espero dut.
Euskaldun egiten gaituena euskara bada, hau erabiltzen ez badugu, zer izango gara?
Besarkada bat,
Etxaurren Martin
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.