SMALL IS BEAUTIFUL: ARETATIK EUSKARARA
Iaz Euskararen Egunaren harirakoan bezala, aurten Euskaraldia dela eta Aretan herritar taldea martxan jarri gara, izen-emateak zein “euskara gastatzeko” (Kike Amonarrizek esango lukeen moduan) ekitaldiak ahalik eta indartsuen antolatu guran.
Euskal Herri osoan batera bultzatzen ari garen ekimena izanik, hiriburuetan edota herri handietan ere lan itzel bezain goxoa egiten dabiltza, tamainak dakartzan zailtasunei aurre eginez. Aldiz, geu, Aretako small-tasun erlatiboaren (2000 biztanleko gunea ez delako Araban ezta eskualdean ere txikiena) eta euskarak bertan bizi -pairatu- duen historia sozialaren irakurketa xumea egiteko aprobetxatu dugu hitzordua.
Euskara desagerrarazi nahi zutenek gurean ia lortu zuten euren helburua frankismoarekin; hizkuntzaren muga gure etxeen gainetik pasatzen zen eta hiztun natural bakan batzuekin heldu ginen geroko susperraldira. Kasurako Aretan bertan jaio eta “euskaldun zaharra” (berba hau testuinguru honetan erabil dezagun, betiko baztertu baino lehen) zen azkena -azkenetakoa seguru-, Pablo Urzelai, aurten hil zaigu. Aretako bazterretako batean, Katean, bizi zen, Orozkoko euskaldunekaz pega eginda.
Katea -erredundantzia balia dezagun- ez zen erabat eten eta beste herri batzuetatik ere euskaldunak etorri ziren Aretara bizi izatera, hainbat jatorridun aretar berriekin batera. Zorionez egoera prekario hori hobe bidean jarri zen XX. mendearen azken hamarkadetan; hasi klandestinitatetik eta segi berreuskalduntze prozesu zabalagoaren (euskaltegiak, irakaskuntza…) bidetik gaur egun aretar asko euskaldunak gara, eta galbidean zegoena biziberritu egin da. Batzuek edo besteek geure harri koskorrak ipini izan ditugu eta historiarako geratuko dira, esaterako, Arabako lehen Bertso Eskola Aretako Túnel tabernan sortu izana bezalako datuak.
Azken urteotan berreuskalduntze prozesuan kezka batzuk azaleratu dira: euskara(z) ikasten ari(tu) gara, bai, baina erabileran ez dugu igotzea lortu eta argi geratu da euskaraz bizi nahi dugunok geure hizkuntza-ohikerietan astindua behar dugula; eskolan edo euskaltegian ikasi ostean hiztun aktiboak bihurtu ez direnei euskara erdoildu egiten zaiela; euskaltzaletasuna, euskaraz bizi gura eta euskal kulturarekiko kariñoa gutako askoren hezur-muinetan inolaz ere barneratuta ez daudela. Egoera hori iraultzeko garaia heldu da.
Makrotik small-tasunera jaisteak abantaila handiak ekar ditzakeela konturatu gara; ondo daude Euskaraldia bezalako kanpainak maila nazional edo potoloan ere egitea baina azken finean aretarron ahotik euskara gehiago ateratzea hurbiltasunetik baino lortuko ez dugulakoan gaude. Hizkuntza-ohiturak aldatzea, guztiz posible den arren ez da gauza xamurra baina afinitate-talde ttipietatik abiatuta errazago egingo zaigu: pilota elkartea, lagun-koadrila, bikotea, familia, parkeko guraso-taldea, eskola-komunitatea, sortu berri den aisialdi taldea, komertzioak, Jai Batzordea.
Amaitzeko animatu gura zaituztegu Areta bezalako herri txiki infernu ez hain handietan bizi zareten euskaltzaleak small-tasun horri atarramendua ateratzen eta hurbiltasun horretatik euskaraz biziko garen herritarren kopurua igoarazten; eta herri handiagoetan bizi bazarete...bila ezazue aterpea auzoan, lotura pertsonaletan, neurriko ingurumarian. Iraultza Txikien Asanbladan euskarak behar duen tornuia izan dezala!!
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.