Orozko UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko) udalerrietako bat da. Beraz, biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz. Herriko eskolan eredu bakarra eskaintzen da, D eredua hain juxtu. Hainbat eta hainbat herritar biltzen dituen “Orozkon euskarak 365 egun” wasap taldea aspaldi sortu zen eta Erdu euskara taldea ere badago herrian. Egun hauetan, Orozkoko euskaraldiko lantaldea jo eta ke dabil lanean. Korrika herritik pasa zenean ere euskararen aldeko oihuak Gorbeiaraino heltzen ziren. Baina… orozkoarrak euskaldunak al dira?
Izan ere, zer da herri euskalduna izatea? Zerk egiten du herri bat euskaldun? Orozkon euskararen alde dagoen jende andana badagoela badakit, baina euskaraz dakiten %70 baino gehiago horietatik zenbatek erabiltzen du euskara eguneroko jardueretan? Zein da euskaraz bizi diren orozkoarren benetazko portzentaia?
Ni berez lesakarra naiz, Nafarroa iparraldeko herri ttiki batekoa. Lesaka eta Orozko oso antzekoak direla diote askok eta zentzu askotan, egia da: biztanleria aldetik, zerbitzu aldetik… Niri, ordea, herri zeharo desberdinak iruditzen zaizkit askotan. Izan ere, Lesakako umeak, eskola barruan nahiz patioan, eta baita herriko plazan ere, euskaratik eta euskaraz jolasten dira, futbol entrenamenduak euskaraz egiten dituzte, gaztetxean euskara ari du, tabernetan jendeak tragoa euskaraz eskatzen du, meza euskara hutsean ematen da, gazte-kuadrilak euskaraz dibertitzen dira…
Eta zergatik dira hain desberdinak Orozko eta Lesaka? Orozkon Euskalzaleon Topagunearen gidaritzapean egin genuen euskararen egoerari buruzko analisi batean zehaztu genuenaren arabera, (pena da baina idatzita gera bedi lau katuk baino ez genuela parte hartu diagnostiko horretan) Orozkon dagoen kontzientzia faltaren ondorio da dena. Benetan uste al duzue gure hizkuntza galtzeko harriskurik ez dagoela? Egitan pentsatzen al duzue aitite-amamengandik ikasitako euskierea propio eta eder horren transmisioa bermatua dagoela?
Ni 2005. urtean etorri nintzen Bilbora; 2015.ean Orozkora. Lanean ez dut euskararik erabiltzen eta euskarazko hitz asko nola idazten diren ahaztu zaizkit. Komertzioetara sartu eta lehen hitza euskaraz egiten banuen ere, orain, konturatu gabe, galdera gaztelaniaz ateratzen zait gehienetan. Euskaraz nabilenean ere, gaztelerazko hitz eta esamolde mordoa sartzen ditudala konturatzen naiz, gero eta gehiago gainera. Eta gauza guztietan okerrena, zenbait kasutan, esaldia bera gazteleraz euskaraz baino errezago ateratzen zaidala da. Horixe azken 13 urte hauetan Orozko inguruan bizitzeak nigan izan duen eragina. Pertsona bakoitza mundu bat da, badakit, baina gaztelerak eguneroko bizitzan duen indarra izugarria dela ezin da ukatu.
Euskararen barometroak azken urteotan euskararen erabilerak behera egin duela dio. Erabiltzen ez dena, denborarekin ahaztu egiten omen da. Beraz, Uxue Alberdik idatzitako bertsoek zioten eran, noizbait pasako al gera, haren (euskararen) alde egotetik, bere alde egitera? Nik ere horixe bera eskatu nahi nioke Orozkori eta orozkoarrei. Garai batean debekatuta zegoen, baina gaur egun zein da euskaraz ez aritzeko dugun aitzakia? Euskal Herrian bizi garela kontuan izanik, euskararen alde egotea nahiko erraza dela esango nuke, erosoa, naturala ere bai, hein batean. Baina euskararen alde egiteak inplikazioa eskatzen du, lan egiteko gogoa, esfortzua. Prest al daude orozkoarrak horretarako? Jagon daigun maite dogun hori! Oraintxe dugu horretarako aukera. Atera diezaiegun etekina 11 egun hauei! Baina ez bedi gure ahalegina horretan soilik geratu! Urte osoan ere, belarriak prest eta ahoak bizi eduki!
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.