IRITZIA

Ilargiraino eta buelta maite zaitut, KORRIKA

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Alava 2024ko mar. 18a, 11:55

2019ko Korrika Aiaran. / Alfredo Remirez

Korrikak une zirraragarri ugari oparitzen dizkigu, eta behin eta berriro, harekin lotutako ekitaldiren bat amaitutakoan inoiz baino zirraragarriagoa izan dela entzuten dugu. Hori neur daiteke? Zenbakiak nagusitzen diren mundu ero honetan zer nolako emozioak sentitu behar ditugu hori guztia irmotasunez baieztatzeko?

  • Korrikak istorio andana biziarazi dizkigu abiatu zenetik:
    Amets hura gauzatzen hasi zenean, 1980 urtean, Artziniegatik pasatu zenean, beldurra nagusitu zen gure senideen artean, bertako batek pistola bat atera baitzuen. Auskalo zein izan zen bere asmoa!
  • Nire herritik, Zuhatzatik, gauez pasatu zen beste batean, Esquinabajotik behera, lekukoa eskutik kendu ziguten atzerapena murriztu nahian. Furgoneta urrundu eta urrundu egin zen desagertu arte. Agur Korrika! Hura amorru erraldoia! Eskerrak jarraian txokolate goxo eta beroa dastatu genuela denok elkarrekin Lantenoko eskoletan.
  • Edizioz-edizio abestia, omendua, mezu sekretua eta beste hainbat kontu zehazten ditu antolakuntzan diharduen ekipo zoragarriak. Helburuak, berriz, ez dira aldatzen: “Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea”.  Hau horrela izanda, zer kontzientzia gutxi edota errespetu falta handia duten lasterketan gazteleraz aritzen diren euskaldunek. Ezinbestean tristura, etsipena, frustrazioa... agertzen dira tarte labur batez.  
  • Bazterretatik txalo-zaparraden artean animo-oihuak botatzen ditugun bitartean, inoiz halakoak entzun izan ditugu: “Zer nazka, tipo horrek (Spiderman alegia) 48 km egin ditu dagoeneko eta fresko-fresko dago! Nik ez dut nazka sentitzen, halako egitandi gogoangarriak nigan hazten duen sentsazioa inbidia da, zalantzarik ez. Izan ere, nire lasterketarik luzeena Lilatoia izan zen, hirutan 5 km-ko ibilbidea bete izan dut nire erritmora.
  • Une zoragarriak izaten dira gure kilometroa ekiteari zain gaudenean. Tarte horietan ez dago ez Ukraniarik, ez Palestinarik, ez dialisirik, ez energia berriztagarrien izenean negozio baino ez egin nahi duen enpresarik, ezta euskaldunen kontrako oldarraldirik ere. Gure buruhauste eta kezka guztiak desagertzen dira, eta ilusioa eta gure gorputz barruan geldiezin dagoen poza handitzen dira momentu horietan.

Aipatu ditudan oinarrizkoak diren bost emozio hauek, gehi beste hainbeste, bat-batean eta inolako baimenik gabe azaleratzen dira. Kopuruari, maiztasunari eta aniztasunari erreparatzen badiegu KORRIKAk zirrara jarraitua eta etenunerik gabekoa sortzen duela ondoriozta dezakegu. 

Korrikak amets eroak bete daitezkeela frogatu digu. MAITASUNA lau haizeetara zabalduz, mundu osoan bakarra den ekimen erraldoi honek ez du bazterrean inor uzten, eskuzabaltasun eta amodio handiz guztiok bide erdira gonbidatzen gaitu beti.

Ametsak egi bihurtzen dituzulako, maite zaitut, KORRIKA!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide