Karlistaldiak Aiaraldean: Gerra Zibila baino odoltsuagoak

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2018ko ots. 14a, 07:00

Informazioa: Aketza Merino -15 urte, XIX. mendeko gerrak Nerbioigoienan liburuaren egilea-

Erredakzioa eta ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte

Independentzia Gerrak eta Espainiar koroaren oinordekotzak sortutako ezegonkortasun politikoak txinparta piztu eta gerla eta krudelkeria esparru bihurtu zuen XIX. mendea. Euskal Herriak bereziki gordinki bizi izan zituen pasarte horiek.

Fernando VII.a Espainiako erregeak bere alaba Isabel II.a izendatu zuen tronuaren oinordeko, ordura arteko tradizioa hautsiz. Erabaki horrek Erregearen anaia zen Karlos Maria Isidro infantearen eta honen jarraitzaileen matxinada eragin zuen erreinuaren boterea hartzeko.

Hala ere, azaleko arrazoia izan zen hau; Karlistaldiak ez ziren oinordekotza gatazka soila izan. Tronuaren gaineko kontrolaren atzean zegoena Aitzinako Erregimenaren eta Frantziar Iraultza burgesaz geroztik Europa osoan zehar gailentzen ari zen liberalismoaren arteko talka bortitza zen. Talka horren erdian herritar xeheak izan ziren kolpatuenak.

Orotara bi karlistaldi nagusi izan ziren XIX. mendean, eta halaber, Independentzia Gerran bizitako bortizkeria egoera oso gertu sumatzen zen artean.

Aiaraldea ere gerlate horien testigu zuzena izan zen. Pasarte gutxik jaso dute eskualdean bizitakoa, ez baitzen izan bataila inportanteen toki; odola ordea, aise isuri zen inguruotan. Karlistaldiak, funtsean, guda zibila izan baitziren. 

Bi bandoen arteko talka etengabekoa izan zen. Bata bestearen atzetik ibiltzen ziren eta borrokaldiak nonahi suertatzen ziren. 1808. eta 1876. urteen artean historiako pasarte ilunak bizi izan ziren hemen.

Aiaraldean bataila inportanteenak lehenengo karlistaldian gertatu ziren, 1833an hain zuzen: Urduña eta Artomañako batailak. Bi enfrentamenduak martxoan gertatu ziren eta Espartero jeneral liberal ospetsua izan zuten protagonista. Karlisten menpeko Urduñan egoera basatiak bizi izan ziren.

Urduñako batailak ezustean harrapatu zituen karlistak eta 600 hildako eragin zituen euren aldean. Liberalek karlistak zapaldu bazituzten ere, ez zuten hiriko kontrola eskuratu.

Artomañako batailak berriz jarriko zituen aurrez aurre karlistak eta liberalak Espartero jenerala tarteko. Liberalek, euren armada elikagaiez hornitzeko mugimendu batean, tropak Urduñara bidean jarri zituzten beste behin. Oraingo honetan karlistek aurrea hartu zioten Esparterori eta bataila Untzaga eta Artomaña arteko bidera eraman zuten. Ilunabarrerako, ordea, karlistek mendialdera erretiratzera behartua ikusi zuten euren burua.

Bando bakoitzak Artomañako batailaren bertsio propioa zabaldu zuen. Esparteroren aldekoek 800 karlista hil zituztela zabaldu zuten. Karlisten bertsioan zifrak oso bestelakoak dira: 200 zauritu eta hildako gutxi batzuk. Zifra errealak alde batera utzita, argi dago prentsak berebiziko garrantzia izan zuela garai artan.

Bigarren karlistaldian borrokatzeko moldeak asko aldatu ziren. Teknologiak aurrera egin zuen XIX. mendean eta horrek isla izan zuen liskarretan ere. Urduñaraino ailegatu zen trenbide sare berriak egundoko aldaketa suposatu zuen gerraren nolakotasunean.

Batailak bataila, karlistaldi guztietan Aiaraldearen kontrola karlisten esku geratu izan zen beti, bi bandoen odol isuria etengabea izan arren. Kontrol horrek nolabaiteko toki egonkor bilakatu zuen Aiaraldea eta gerran erabakigarriak izango ziren bataila asko eskualdean prestatu ziren.

Izen propioak ere izan zituzten karlistaldiek eskualdean. Espartero, Zumalakarregi edo Santa Kruz apaizaz gain, beste hamaika protagonista izan ziren. Ibarrola anaiak, Prudencio Sopelana eta Juan Antonio Goiri karlista ezagunak izan ziren. Liberalen bandoan, Francisco Linage militar ezaguna bihurtu zen; Espartero beraren hurrengoa izatera heldu zen.

Historiara pasa ez diren horiek izan ziren, baina, krudelkeria eta bortizkeria guztia gehien sufritu zutenak, “interes handiagoen” mesedetan odolustua izan baitzen Euskal Herria. Gerrak 150.000 hildako utzi zituela kalkulatzen da. Zaila da zehaztea eskualdean galdutako bizitzen kopurua eta are gehiago hauei izen eta abizenak jartzea. Amurrioko udalerrian 30 hildako identifikatzea lortu dute. Hildakoez gain, eragin ekonomikoak ere lazgarriak izan ziren gurean. Familiek eta “finantza publikoek” ordaindu zituzten gerrako izugarrikeriak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide