IRITZIA

Zorionak AEK!

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Aldama 2022ko mar. 29a, 07:00

“Bat korrika, bi korrika, milaka korrikari Euskal Herri guztietan denok bai euskarari…” abestu genuen lehenengo “Korrika” antolatu zenean. Urte asko pasatu dira hartatik eta ilusio handiz jarraitzen dugu bi urtetan behin korrikaren zain. Hainbeste…!! Hogeita bigarrenera heldu garen arte.

Gogora etortzen zaizkit hainbeste momentu, zeinetan “Korrika”ren zain nengoen, sabelean kili-kiliak sentituz, milaka tximeleta hegan ibiliko bailira bezala, urrunetik hurbiltzen entzuten zenean furgonetaren megafonia, musika , korrikalarien oihuak eta, hurbildu ahala, haurren irriak, oinotsak eta arnasestuak…

“Korrika”k euskararen alde batzen gaitu: gizon-emakumeak, haurrak, kirol-elkarteak, kultura-elkarteak, langileak, ikasleak, dendariak, politikariak… Euripean nahiz eguzkipean, gauez eta egunez, denok xede berarekin euskarak bizirik jarrai dezala. Euskalduna izatea pribilejio handia da: harro sentitzeko modukoa.

Betidanik jaso dut gurasoengandik sentimendu hori eta eskertu behar diet, baina eskola garaian ezin, eta hori dela eta, nire erlazioa euskararekin 16 urterekin hasi zen gau-eskolan (gauez joaten ginen ikastera). Bertan, euskara sentitu, ikasi, eraiki eta euskaraz bizitzeko aukera paregabea izan nuen . 
Geroago, AEKn, hasieran ikasle eta gero irakasle gisa, bizimodu berri bat topatu nuen non leku handia hartzen baitzuen euskararekiko konpromisoa. Erronka ez da amaitu; aitzitik, gaur egungo haur eta gazteei, nik neuk hasieratik hartu nuen konpromisoari jarraipena ematen diot, haiek prestatzen euskararen lekukoa har dezaten .

Zorionak gaur egun AEK osatzen duzuenoi: nire zatitxo bat ere zuekin dagoela sentitzen dut. “Korrika” Amurrion hastea ondo egindako lanaren ordaina da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide