Korrika da, agian, herri txiki honetan euskararen eta euskalzaletasunaren alde inork izan duen ideiarik politena, eta horregatik daukagu denok horren kuttun eta horrenbeste dugu maite. Eta horregatik ere, askok ditugu horrenbeste disfrutatzen inoiz asetzen ez gaituen euskararen pastel honen osagai guzti-guztiak.
Korrikak erregairik badu hori izaten da kanta. Kanta da askotan datorren korrikarekin lehen kontaktua, eta norberak bere gogokoenak izango dituen arren, furgonetako karaokea bere osotasunean da alaia eta mugiarazten dizkigu zangoak.
Ibilbidea begiratu eta, aurten non egingo duzu korrika? Norekin? Zenbat? Gauez? Egunez? Lanekoekin? Umeekin? Elkartearekin? Azken kilometroa? Ahal den guztietan, seguru asko. Berdin du, egia esan. Egiten den metro oro da inportantea, ez dadila korrikaldia eten.
Baina une hunkigarririk bada, niretzat behintzat, Korrika noiz iritsiko zain egoteko momentua bera da. Petoa jantzita burua altza eta urrunean furgonetaren argiak eta musika noiz agertuko zain egoteko une horiek. Euskaraz dira hor zain daudenen arteko begiradak, helduok jada ia ahaztuta dugun haurtzaroko lilura dastatu egiten dugu berriz.
Eta ondoren, extasia. Badator Korrika, badator. Egin lekua lekukoari, eta denak pankartaren atzean. Korrikalari gutxi batzuk batzuetan, herri txikietan, gauean, aldapa goran, eta milaka kide bestetan, hirietan, eguzkitan zein euripean, batzuetan ere, gutxitan, elurrak zuritutako larre eta basoen artean. Beti euskaltzaleen artean. Eta energia bukatzen denean… albo batera eta han doa korrika, aurrera. Pasatu da. Hor doa. Bukatu da. Bi urtez itxaron behar.
Gero etorriko dira oroimenak. Izan ere, korrika herri honetako ondare bihurtu da. Kolektiboa eta pertsonala. Korrika noiz edo norekin egin zenuen gogoratzea momentu politak berriz burura ekartzea dakar, eta asko gogoratzen ditut nik. 6. Korrika Portugaleten eskolakoekin, 9. Santurtzin institutuko lekukoarekin, 12. Gasteizen, edo 22. semearekin Artziniegan….
Korrikak, azken finean, zerbait magikoa izaten jarraitzen du, 23. edizioa den honetan bizirik dirauena, guztiok berriz ere errepide bazterrera eramango gaituen ilusioa.