Euskara 1771eko epaiketa batean

Erabiltzailearen aurpegia Arseniega 2019ko urt. 15a, 08:00
Desagertutako Uretako benta XX. mende hasieran. / Arseniega

Artikulu hau Arseniega historia blogean publikatu da eta Artziniegako euskararen historia du hizpide.

Gure udalerrian eta inguru osoan ekitaldi inportanterik egon bada mende luzez, hura Arteko Landako feria izan da. Esan daiteke Euskal Herriko mendebaldean egiten ziren ganadu-azokarik garrantzitsuenetariko bat zela. Bi astez, hainbat eta hainbat lekutatik etortzen zen jendea, eta gurean ostatu hartzen zuen azokak iraun bitartean edo egun batzuetarako. Ugariak dira horren harira Artziniegako dokumentazio historikoan utzitako lekukotasunak: agiri administratiboak, liskarrak, lapurretak… Gaur egun gaitz egiten zaigu imajinatzea ere zer nolako bizia eta jarduera zekarren Artziniegara iraileko azokak.

Gaurkoan Arteko Landako feria erraldoi hura abiapuntu izango dugu hizkuntzarekin lotutako gertakari bat aztertzeko: Artziniegan epaiketa batean euskarazko testigantza bat gaztelaniara itzultzeko interprete bat erabili izanaren lehenengo testigantza.

1770ko feria gertatua: Uretako bentako ugazabaren testigantza
Artziniegako Udal Artxiboan gordeta dauden agirietan azaltzen denez, 1771eko urtarrilaren 17ako arratsaldean hiru emakume heldu ziren Uretako bentara ostatu eske. Lorenzo de Urizar zen bentako ugazaba, eta Lorenzok emakumeei entzun egin zien haietako bat haurdun geratu zela irailean, Arteko ferian, eta haurdun utzi zuen gizonaren bila zebilela. Emakumeak bizkaitarrak ziren eta euskaraz ari ziren euren artean. Baina Lorenzo ere euskalduna zen, dena ulertu zuen eta horren berri eman zien agintariei. Honela dio agiriak hitzez hitz:

“Lorenzo de Urizar, bentero y morador en la venta de Ureta de esta dha villa ha noticiado a su merzed que en la tarde del día diez y siete del corriente mes llegaron a su casa tres mugeres vizcainas y bascongadas a pedir posada y se le dio, y que asi por lo que demuestra la una que dice llamarse maria antonia como por lo que las oyo y entendio de su vascuence, en que dho Lorenzo es natibo, llego a percivir que la tal Maria Antonia estava embarazada, y esta misma a manifestarselo, y que benia con animo de refugiarse y de hallar al sugeto autor de su preñado que havia sucedido en la feria proxima pasada de la Encina y con engaños de que se lamenta la dicha muger…”

Maria Antoniak izeneko emakumeak, beraz, engainuz haurdun utzi zuenaren bila zebilen lagun bigaz lagunduta. Eta topatuko zuen, esan bezala, kontua auzibidera joan eta bertan ebatzi zen eta.

Gertatutakoa, auzibidera
Hurrengo egunean bertan, Pablo Antonio de Aldama alkatea buru zela, Lorenzo eta hiru emakumeak auziaren berri ematera agertu ziren. Alkateak galdetu zuen zein zen Maria Antonia izenekoa eta beste biei ateratzeko eta itxaroteko esan zien. Berehala konturatu zen ez zela gaztelaniaz moldatzen:

“ Haviendo parecido las dichas mugeres (…) y preguntandolas cual de ellas se llamaba Maria Antonia, y respondiendo la dicha llamarse así y de Barrenechea, que al parecer demuestra estar grávida, mando salir y esperar a las otras dos y con su resguardo la tomo y rezibió juramento, y biendo que no se explicaba bien en el castellano nombro a Lorenzo de Ulizar vezino de la dicha villa por ynterprete, a quien tomo también juramento, y rezibiendole de nuevo a la dicha Maria Antonia, la hizo presente el tenor del auto de oficio, por medio de dicho ynterprete y por él mismo, como también por muchas palabras de castellano que combenian con lo que manifestaba el ynterprete ante mi el escribano”.

Ikusten dugunez, ikusita Maria Antoniak ez zekiela gaztelaniaz (edo behintzat, ondo ez zekiela) alkateak interprete izendatu zuen Lorenzo bera, euskalduna zelako. Maria Antonia Dimakoa zen, hogeita hamar urte zituen eta Joseph de Goioagaren alarguna zen. Bere testigantzan ederto kontatzen du nola sukaldari modura joana zen Arteko Landako feriara “pelo postizo” (sic) esaten zioten Bilboko emakume batentzat lanean, eta nola Portugaleteko Manuel de Carredano ezagutu zuen bertan. Carredanori Maria Antonia gustatu ei zitzaion eta, esanez bera ere alarguna zela eta emakume bat behar zuela, Maria Antoniaren testigantzaren arabera, ohera eroatea lortu zuen irailaren 20ren bueltan. Honatx bere lekukotasuna:

“el mes de septiembre del año pasado bino a la feria que se zelebra en el Campo de Nuestra Señora de la Encina zerca de esta villa y en su jurisdicción de cozinera de cierta muger, cuio apellido ignora pero que es vezina de Bilbao muger de un marinero y la llaman por mote pelo postizo (…) que entre los muchos que llegaron fue uno que dixo llamarse Juan Manuel Carredano vezino de Portugalete (…) y que el tal Juan manuel la alego hallarse también viudo y que tenia tratos y conveniencia porque necesitaba una muger y la declarante era aproposito (…) bajo lo cual la propuso que se casaría y la solicito aconocimiento sensual en los dias en que se mantubo y la asistio con importunidades y halagos de cariño y la saco una noche por el campo, ynstando en su torpeza y bajo la palabra de matrimonio que se dieron, tubo diferentes actos de que resulto y se halla embarazada, y se persuade el veinte de septiembre poco mas o menos”

Ondoren, ikusita umedun zegoela, Maria Antonia Carredanoren bila joan zen Portugaletera. Bertan ikusi zuen kontatutakoa gezurra zela eta Carredano gizon ezkondua zela. Gizonak dirua eskaini zion isiltzearren, eta Maria Antoniak halakorik onartzeko prest ez zegoenez, justizia eske joatea ebatzi zuen.

Baina utzi dezagun alde batera epaiketa eragin zuen afera sentimental-sexuala eta gatozen atzera hizkuntzaren harira. Geroago ikusiko dugu auzia zertan gertatu zen.

Epaiketaren alderdi linguistikoa eta bere garrantzia
Beste batzuetan azaldu dugunez, Artziniegako historia soziolinguistikoak asko du oraindik ikertzeko, konplexua da eta azkenaldian han-hemenka pistak batzen ari gara, argia eman nahian. Oraingoan hizpide dugun kasua berezia da, orain arte halakoren berririk ez dugulako izan.

Aztertu dezagun arretaz, beraz, zer erakusten digun 1771eko epaiketa honek panorama soziolinguistikoaren aldetik: Zergatik behar izan zuten interprete bat? Erdaldunak ziren agintariak? Nor zen interprete hori?

Hasteko eta bat, gogora ekarri behar dugu XVIII. mendean gertatu zela euskararen atzerakada nabarmen bat Aiaraldean –Arabako beste leku askotan lez– bai eta Gordexolako haranean. Artziniega berezia zen alde horretatik, bi hizkuntzak lehenagotik bizi izan zirelako elkarren ondoan, baina ezinbestean nabaritu behar zuen atzerakada: Manuel de Mezcortarekin Batzar Nagusietan gertatutako arazotik ehun urtera, ez dirudi Aiaraldeko mendebaldean euskaldun elebakarrak izango zirenik. Euskaldunak, ostera, bai, baita Artziniegan bertan ere. Lorenzo Urizar (edo Ulizar) Uretako benteroa da adibide. Hari buruz esaten zaigu hiriko bizilaguna eta euskaldunzaharra zela (“las oyo y entendio de su vascuence, en que dho Lorenzo es natibo”). Baina artziniegarra zen? Badirudi ezetz; erregistroetan begiratuta, ikusi dugu Lorenzo Urizar Etxebarria arratiarra zela; Gordexolako Martina Zabalburu Mendibilegaz ezkonduta zegoen eta Artziniegan hil zen epaiketa izan eta 10 urte geroago, 1781ean. Beraz, ez gaude bertoko euskaldun baten aurrean, kanpotik etorritakoa baitzen. Bide batez esanda, bitxia da zelan bere abizenak “aiarartzen” diren erregistroetan, sarri Lorenzo Ulizar Chavarria modura azaltzen baita.

Bertan zeudenek, orduan, ez zioten Maria Antoniari ulertzen eta horregatik behar zuten itzultzaile bat? Ikusi dezagun berriz arretaz agiriak dioena:



“nombro a Lorenzo de Ulizar vezino de la dicha villa por ynterprete, a quien tomo también juramento, y rezibiendole de nuevo a la dicha Maria Antonia, la hizo presente el tenor del auto de oficio, por medio de dicho ynterprete y por él mismo, como también por muchas palabras de castellano que combenian con lo que manifestaba el ynterprete ante mi el escribano”

Zati honi erreparatuta, ematen du alkateak gaztelaniaz hitz egin zuela, baina baita euskaraz ere, zuzenean Maria Antoniari (“por medio de dicho ynterprete y por él mismo, como también por muchas palabras de castellano”). Aketza Merino historialari kontsulta eginda, eta garai bateko epaiketekin duen eskarmentua baliatuta, uste dugu baietz, Pablo Antonio Aldama alkatea euskaraz eta gaztelaniaz aritu zela eta interpreteak eskribauarentzat jardun zuela, eskribaua erdalduna zelako. Zaila da egoeraren “argazki” zehatz bat irudikatzea baina hala izan zelakoan gaude.

Halandaze, lekukotasun honek berresten du euskararen presentzia Artziniegako hirian XVIII. mende amaieran. Bestelako ondorio sakonagorik ezin dugu atera momentuz, baina baditugu agirian 1) kanpotik joandako euskaldun elebakarrak (Maria Antonia eta bere bi lagunak) 2) berton bizi den elebidun bat (Lorenzo Urizar) eta 3) itxura batean euskaraz ere badakien artziniegar bat, Pablo Antonio Aldama alkatea (1739an jaioa). Azkenik, eskribau erdaldun bat azaltzen zaigu, baina ez dugu oraindik asmatu nor izan ote zen argitzen.

Lekukotasun garrantzitsua da, hortaz, euskarazko interprete baten erabili izanaren lehena delako Artziniegan, eta nahiko berandukoa delako, inguruotan euskararen atzerakada handiena jazo zen garaikoa hain zuzen ere. Seguru gaude agiriotan zenbat eta gehiago arakatu, gehiago azaleratuko direla.

Addendum: epaia eta “krimenaren” zigorra
Nahiz eta artikulu honen xedea ez den Maria Antonia Barrenetxea dimoztarraren eta Manuel Carredano jarrilleroaren arteko aferaz xehetasunak ematea, kulebroiak izan zuen amaieraren berri behintzat emango dugu: frogatu zen Juan Manuel Carredano gizon ezkondua zela eta Maria Antonia engainuz utzi zuela haurdun Artziniegako ferian izandako izarapeko tratuen ondorioz (“actos sensuales”, dio agiriak). Atxilotzeko agindua eman zuten eta adulterioa egiteagatik epai gogorra ezarri zioten: espetxera sartu ala ejerzitoetan zerbitzua ematera behartuta joatea. Maria Antoniak ordaina eta justizia jaso zuen orduan? Ez bada; ahultasuna eta bestelako faltak egotzita (fragilidad, lascivia, amancevamiento) giltzapetzeko agindua eman zuten, hau da, etxe batean atxilo egotekoa. Ezarri zuten Artziniegako Tomasa de Ulibarriren etxean egongo zela giltzapean aurrerantzean, eta jaiegunetan elizkizunetarako baino ez zela aterako.

Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideen laguntzari esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki zuelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide