IRITZIA

KORRIKA badator...

Erabiltzailearen aurpegia Asier Amondo 2024ko mar. 12a, 06:00

Asier Amondok 2022an pasa zion Ane Elordiri Korrikako arduradun nagusiaren lekukoa. / AEK

Badator, hemen dago! Egun gutxi barru, martxoaren 14an, 23. KORRIKA abiatuko da Irundik eta bi mila zazpiehun lekuko aldaketaren ostean, gehiago izango direla zalantzarik ez, Baionara helduko da martxoaren 24an. 23. KORRIKA honek ere Euskal Herria astinduko du 10 egun eta 11 gauetan zehar, Euskal Herriko bazter guztietara helduko da eguzkia, elurra, hotza eta beroa gaindituz.

KORRIKA, KORRIKA da ez dago parekorik munduan, hizkuntz txikien alde egiten den lasterketarik erraldoiena da eta hizkuntz txiki askok KORRIKAren eredua hartu dute haien hizkuntza hauspotzeko.

Eta nire aldetik zer esan! Ohore bat izan da urte askotan KORRIKAren koordinatzailea izatea eta ekimen kolektibo honen bizipena barru-barrutik izatea, taldean egindako lana, auzolanean, herririk herri garatu dena, horixe baita KORRIKA elkarlan erraldoia.

Orain, KORRIKA emozio berarekin eta ardura berarekin bizi dut, nahiz eta bere tripa guztiak ezagutu ez. Aleka, gainontzeko AEKideen moduan gauzak ezagutzen joan naiz, kanta, ibilbidea, mezua, leloa… Aurten KORRIKA Baionan amaitu arte ez dut jakingo Juan Gorritiren lekukoaren barruan joango den mezuaren egilea zein den, baina egia esan sorpresa hori amaiera arte gordetzea merezi du horrek KORRIKAri “suspensea” ematen baitio azken unera arte.

23. KORRIKAn eskualdean arituko naiz, aspaldian bezala, Laudioko eragileekin harremanak izaten 23. KORRIKA honen mezuaren nondik norakoa azaltzen, ibilbidea zehazten, KORRIKA Kulturaleko ekimenak antolatzen,…

KORRIKA lasterketa baino gehiago da ekimen kolektiboa, partehartzailea, inklusiboa eta batez ere EUSKARAren aldeko ekimenik erraldoiena.

Zelan ez sentitu harro horrelako ekimen baten partaide izanik? Politena da denok izan gaitezkeela ekimen horren partaide, nork beretik bere alea jarriz eta, gu guztiok, harrotasunez adieraziz martxan dagoen herri bat aldarrikatuz, euskaraz bizi nahi duen herria garela ohikatuz 10 egunetan zehar eta oihu horiek hel daitezela euskararen kontrako erabakiak hartzen dituzten oldarkor horiengana.

HARRO HERRI dio 23. KORRIKAk, ez dugu ahaztu behar geure KORRIKA hizkuntzaren aldeko aldarria dela, ez dugu ahaztu behar geure burua baieztatzeko unea ere badela, egoera aldakor eta oldarkor honetan garaia da aho betez oihukatzeko euskaraz bizi nahi dugula. Euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da, eta KORRIKAk aukera bikaina ematen digu herri
pultsua aktibatzeko, aldarri tinko bat egiteko, pauso gehiago eman ditzaten, herri gogoari erantzunez.

Era berean, KORRIKAk batzen gaitu, komunitate baten parte sentiarazten gaitu,ingurua mugitzen du, jende gehiago euskarara ekarrita. Beraz, badakigu martxoaren 14tik 24ra HARRO HERRI! Herri honen harrotasuna aldarrika dezagun eta martxoaren 25etik aurrera harrotasun hori eta herri nahi hori geure hizkuntza sustatuz, Hizkuntz Politikan aldaketak emanez, euskara ikasiz, euskararen erabileran urratsak emanez,…

Harrotasunetik eta Herritartasunetik GORA 23. KORRIKA.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide