BABESTUTAKO EDUKIA

“Ordenantzaren bitartez, herriko baserrietan 75 etxebizitza berri egokitzeko aukera zabaldu dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2022ko aza. 11a, 16:12
Arrankudiaga-Zolloko Labeko baserria. / Aiaraldea.eus

TXUTXI ARIZNABARRETA alkateak, Arrankudaiaga-Zolloko Udaletxeak berriki garatutako Lurzoru Urbanizaezinezkoen Baserrien Ordenantza eta Inbentarioaren gaineko xehetasunak azaldu ditu. Herriko ondarea kontserbatu eta bizi proiektu desberdinak aurrera eramateko tresna izateko xedea du egitasmoak.

Zergatik garatu duzue Lurzoru Urbanizaezinezkoen Baserrien Ordenantza eta Inbentarioa?

Azken hamarkadetan baserriaren errealitatea asko aldatu da alde askotatik begiratuta: gaur egun, kasu gehienetan, baserria ez da nekazaritza edo abeltzaintza ustiaketari eusten dion eraikina. Gero eta gehiago, ustiategi profesional eta bideragarrietan kortak eta azpiegiturak baserritik kanpo daude. Baserri gehienetan ez dago ganadurik kortan.
Lehen baserrietan hiru belaunaldi batera bizi ziren, baina gaur egun belaunaldi bakoitzak bere etxebizitza berezitua nahi du, eta baserrian bertan etxebizitza berriak egokitzeko aukera eskatzen du.

Baserri askotan etxeko pertsonarik zaharrenak gelditzen dira bakarrik eta zaintza behar dutenean seme-alaben etxera edo zaintza aukera handiagoa duten lekuetara joaten dira. Ondorioz, baserri asko hutsik geratzen ari da.

Baserri zahar bat berreraiki edo birgaitzeko diru asko behar da eta, birgaitze hori alde ekonomikotik bideragarri egiteko aukera bakarra, eraikinean etxebizitza bat baino gehiago egokitzea izaten da sarritan. Zeharo beharrezkoa da hau baserri asko guztiz desagertzea ekidin nahi badugu.

"Baserrien iraupena sustatu, hondatuta daudenak berreraikitzeko aukera ekonomikoa bideragarriagoa eginez. Eta, aldi berean, ondare arkitektonikoa eta kulturala babestu"

Zeintzuk dira ordenantzaren bidez lortu nahi dituzuen helburuak?

Errealitate honi erantzuteko asmoz sortu dugu lurzoru urbanizaezineko baserrien ordenantza, lau helburu nagusiekin. Alde batetik, etxebizitza kopurua handitu lurzoru berririk urbanizatu gabe, antropizatu gabe. Horrela, etxebizitza barriak egokitzeko aukerak sortuko ditugu auzo guztietan, eta landa eremua era orekatuan biziberrituko dugu.

Bestetik, baserrien barne-zatiketa eskaerari erantzun eta bide emango diogu, obra klandestino eta ilegalak ekiditeko, zatiketak ordenantzak arautzen dituen baldintzetara mugatzen direla bermatuz.

Baserrien iraupena sustatu, hondatuta daudenak berreraikitzeko aukera ekonomikoa bideragarriagoa eginez. Eta, aldi berean, ondare arkitektonikoa eta kulturala babestu. 

Elkar zaintza ere sustatu nahi dugu, adinekoen zaintza batez ere. Seme-alabak baserri berean baina etxebizitza berezituan bizitzeko aukera sortu eta, ondorioz, gurasoen hurbileko zaintza bermatu hauek adinean gora joan ahala. 

Azkenik, baserriaren birgaitze eta egokitze funtzionalaren bitartez, familiako eta konfiantzazko pertsonei eraikin berean bizitzeko aukera eman nahi diegu.

Zeintzuk dira ordenantzak jasotzen dituen gako nagusiak?

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek eskaintzen duen aukera erabiliz garatu dugu ordenantza hau: “Lurzoru urbanizaezinean dauden baserrietan, egungo ondare arkitektonikoa aprobetxatzearren, zatiketa horizontala ahalbideratuko da etxebizitza kopurua bikoizteko, baserri bakoitzeko lau etxebizitzaren kopurua edozein kasutan ere gainditu barik.”

Ordenantza joan den uztailean argitaratu zan eta indarrean dago honezkero. Gaia alde askotatik ikertu eta lan sakona egin da. 19 artikulu, bi azken xedapen, xedapen iraunkor bat eta lau eranskin ditu eta etxebizitza berriak egokitzeko baldintzak oso zehatz finkatu dira: baldintza orokorrak, baldintza teknikoak, prozedura administratiboak eta abar. Besteak beste, aspektu hauek babestu nahi genituen: baserriaren morfologia eta balio arkitektoniko eta kulturalen babes zorrotza; irisgarritasun unibertsalaren baldintza guztiak betetzea; zatiketaren ondoriozko bi etxebizitzatik batek, gutxienez, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako baldintzak izatea; edota, azpi-etxebizitzak saihesteko bizigarritasun baldintza guztiak betetzea.

"Inbentarioan 67 baserri onartu ditugu, etxebizitza bakarrekoak eta bikoitzak. Guztira, baserri horietan, 81 etxebizitza daude erregistratuta"

Zenbat baserrik osatzen dute inbentarioa? Horri esker zenbat etxebizitza sor daitezke?

2006ko Lurzoru Legearen arabera eraikin batek baserri izendatzeko zenbait baldintza bete behar ditu: eraikuntza-mota isolatua izatea, etxebizitza erabilera izatea eta 1950 urtea baino lehen bizileku-okupazioa izatea.

Inbentarioan 67 baserri onartu ditugu, etxebizitza bakarrekoak eta bikoitzak. Guztira, baserri horietan, 81 etxebizitza daude erregistratuta. Orain, ordenantzaren bitartez, 75 etxebizitza berri egokitzeko aukera zabaldu dugu. Guztira 156 etxebizitza. Baserri bakoitzean lau etxebizitza egokitu ahal dira gehienez ere. Kasu gehienetan etxebizitza bakarreko baserrian bi eta bikoitzen kasuan lau egokitzea onartu da, baina ez automatikoki. Baserriaren inguruak eskaintzen dituen aukerak, densifikazioaren eraginak, ondorio sozio-urbanistikoak eta abar hartu izan dira kontutan.

Inbentarioan baserri bakoitzak bere fitxa berezitua du, ezta?

Bai, eta fitxa bakoitzak honako hauek jasoko ditu: izena, argazkiak, kokapen planoa, kokatuta dagoen lursailaren datuak, eraikuntza urtea, erregistratutako etxebizitza kopurua, eraikinaren azalera datuak, tipologia eta eraikuntza ezaugarriak, egungo egoeraren informazioa, kultura-ondasun gisa duen babes maila eta, azkenik, eraikinean baimentzen den etxebizitza kopurua.

Lurzoru urbanoan aurkitzen diren baserriekin lanketa egingo da etorkizunean?

Lurzoru  urbanoan ere antzerako errealitatea bizi daben hainbat baserri eta eraikin dagoz kokatuta. Aurrera begira, horien guztien aukerak erregulatzeko ordenatza egiteko asmoa daukagu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide