Otsoen kontra, justiziaren kontra… zeren kontra ez dugu egin behar euskaldunok egunero? Hala ere, zutik, tinko eusten diogu. Ez zutik bakarrik, KORRIKA egiteko ere gai gara, pentsa! Inork ez zigun esan euskaldun izatea zein nekeza den, geuk ikusten dugu hori sufritu behar dugun eraso bakoitzean, hala ere, zutik diraugu, zutik eta KORRIKA!
Herriak gora egiten dakielako, eraso guztien gainetik aurrera egiteko gai gara eta ez gaitu ezerk ere gelditzen, ezta isiltzen ere. Gora herria!
Herriak bakarrik ezin du baina, agintarien beharra ere badu; hobeto esanda, euskarak agintarien lehentasun behar du izan; baliabideak behar dira ikusentzunezkoak euskaraz kontsumi ditzagun, migranteei “gure” agur eta harrera eman diezaiegun plan egokiak diseinatu behar dira, gurea erakutsi behar diegu eta erakargarri izan dakien lan egin. Herria egin behar dugu, herriak egin dezan eta herria herri izan dadin.
Horrez gain, kaleak geure egin behar ditugu, euskararik ederrena erabiltzen den horixe baita, ez besterik. Konplexu eta lotsarik gabeko horrek, esparru guztietan eroso dagoen horrek, denok harro sentiarazten gaituenak, inor kanpoan uzten ez duenak, horrek hartu behar ditu herrietako plazak, bulegoak, ikastetxeetako patioak, kirol harmailak, guraso taldeen parkeetako bankuak…Hori horrela, elkarrekin arituta, indartsuagoak gara. Argi dio esaerak, “zer ikusi, hura izan” eta guk euskaldun izan nahi dugu, euskaraz bizi nahi dugu.
Beraz, ekin, ekin eta ekin! HitzEkin, dena delakoarekin, baina EKIN elkarrekin!