Ekainaren 21ean Urduñako alkateak, Karlos Arranzek, iragarri zuen legez, Udalak Kutxabanki 208.000 euro ordaintzeari utzi dio. Bere hitzetan ez dira kapaz haien kabuz betebehar guztiak ordaintzeko: "Erabakia hartu behar da: nori ordaindu eta nori ez”. Finantza-erakundeak zorra bernegoziatzea proposatu die eta laster bilduko badira ere, jarritako baldintzak kaltegarriak dira epe luzerako konpromisoak direlako.
Era berean, alkateak jokaera argi azaldu du: “Egoera zuzentzen bada eta kapazak bagara dena ordaintzeko, guk ez dugu arazorik guztiei ordaintzeko”. Kutxabanki ez ordaintzeak enbargurik ondorio ez izatea espero du Udalak eta foru-erakundearekin ere adostasunera heltzea.
Bizkaiko Foru Aldundiaren adierazpena
Horren aurrean, Unai Rementeriak, BFAko bozeramaile eta Lehendakaritza Saileko foru diputatuak, Urduñako Udaleko kudeatzaileei eskatu die dagozkien erantzukizunak betetzeko eta arazoa beste erakunde batzuen lepora ez botatzeko –Diputazioa bera edo finantza-erakundeak kasu– .
“Guk konpromisoa hartu dugu eta betetzeko prest gaude: Urduñako Udalari diru-laguntza ematea eta milioi erdi euroko transferentzia egitea. Horrela, egungo ekitaldiko zorrei aurre egin ahalko diete”, jakinarazi du Rementeriak. Diru hori jasotzeko, baina, Urduñako Udalak doikuntza-plan ekonomiko finantzarioa aurkeztu beharko du eta Udalaren beraren aginduzko txostena bete.
Haatik, Udalak ez ditu betetzen laguntza hori jasotzeko baldintzak. Karlos Arranzek adierazi duenez, udalak aztertzeko orduan ez dituzte sozietate publikoak kontuan hartzen eta zorraren zati bat Urduñederrari dagokio. "Laguntza jasotzeko, operazio arrunten eta kapital biziaren (zorra) ondoriozko baliabideen %10 baino handiagoa izan behar du defizitak. Diputazioak badaki hori. Beharbada sozietate publikoak ixteko mezua izan daiteke. Laguntza-lerro horietatik kanpo utzi nahi izan gaituztela uzte dugu. Halere, aurkeztu egin gara”, zehaztu du.