Erditzea etxeko-gertaera zen tradizioz, non emakumeek soilik esku hartzen zuten. Erditu eta egun gutxira, ohikoa zen ama berriari bisita egitea eta opariren bat eramatea. Behin osatuta, erditu berriak etxean merienda edo bazkaria prestatzen zuen jasotako erregaluak eskertzeko. Ermakariak, martopilak edo atsolorra izenak hartzen zituen ospakizuna, bataioa bera baino garrantzitsuagoa ei zena, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroako iparraldean egiten zen bereziki. Kultura tradizionalean errituok konpromisoa adierazten zuten, alegia, elkarren artean laguntza eta babesa eskaintzeko modua.
Urduñan eta inguruetan ama berriari pastak, txokolatea edo ardo gozoa oparitzen zitzaizkion eta bada otzara prestatzen zuenik ere, irasagar, azukre, gaileta, likore eta abarrekin. Gainera, ahal zenetan, oilo bat ematen zitzaion, osatzen lagunduko zion oilo-salda egiteko.
Jaiotzaren erritua irudikatu guran, 2012an jaio diren haur guztiei gonbita luzatu zaie irailaren 20an, larunbatean, 17:30ean Kultur Etxean egingo den festan parte hartzeko. Musika, mokaduak eta beste egongo dira.