Jostailuak, jantziak, antzinako gauzak… Asko izango dira ostiralean Foru plazan trukatu eta erosi ahalko diren bigarren eskuko produktuak. Urduñako Merkatarien Elkarteak (ACCOR) eta zenbait herritarrek estreinakoz antolatu dute azoka eta 10:00etatik 15:00etara plazako arkupeetan postuak egongo dira. Batzuk elkartrukea izango dute xede eta beste batzuetan, ordea, gauzak erosi eta tratuan aritzeko aukera ere egongo da.
Era berean, merkatu txikiak izaera ekologikoa izango du, norberak jada erabiltzen ez dituen gauzak besteen eskura jar ditzakeelako. Antolatzaileen arabera, birziklapena, berrerabilera eta berreskurapena sustatzea da asmoa.
Azoka dela bide, zenbait ekintza prestatu dira:
- 10:30etik 14:00era: apaingarriak egiteko birziklatze-tailerra. Izena aldez aurretik eman behar da (abenduaren 5era arte), baina lekurik egonez gero, egunean bertan bertaratutakoek ere parte hartu ahal izango dute.
- 11:30etik 14:00etara: antzinako jolasak adin guztietako pertsonentzat (aitita-amamak, gurasoak, haurrak…). Ordu horretatik aurrera mozorrotzeko aukera egongo da eta, horretarako, jantziz betetako kutxak jarriko dira txoko batean.
- 12:30ean haurrentzako argazki-birari ekingo zaio (izen-ematea 12:00ak arte). 7 eta 15 urte bitartekoentzat izango da eta argazki-kamera digitalekin ateratzen dituzten argazkiak erakusgai jarriko dira elkarteko kide diren dendetan.