Aiarako Kuadrilla osatzen duten Aiara, Artziniega, Amurrio, Laudio eta Okondo udalerriek, Urduñarekin batera, urriaren 31n onartu zuten Eskualdeko Enplegu Plana 2012-2014 epealdirako. Lanbidek emandako finantzaketari esker gauzatu ahal izan da plana eta bertan jasotzen dira Aiaraldeko eragile sozioekonomiko guztiek enpleguaren alde lan egiteko asmoz adostutako jarduera-ildo estrategikoak.
Aiaraldeko abiapuntu-egoera aztertu eta hausnartu dute eskualdeko udalek eta, probintziako batez besteko datuekin alderatuta egoera hobea bada ere, langabetuen kopurua murriztea da helburua. Horretarako, eskualdeko diagnosia egin da eta hori oinarritzat hartuta, epe ertainean zein luzean landu beharreko arloak eta indarguneak identifikatu dira.
Planteatutako lerro estrategikoekin enpresa-espiritua sustatu nahi da, ekonomia- eta enpresa-ehuna hobetu, kualifikazio eta egokigarritasun profesionaleko mailak hobetu eta gizarte kohesioaren alde egin. Hori guztia ekintza-plan osatuaren bidez eta eskualdeko eragile publiko nahiz pribatu guztien lankidetza eta parte-hartzearekin.