Ostegunean egin zuen Urduñako Udal berriak lehenengo osoko bilkura. Hemendik aurrera osoko bilkurak hilabetearen azken ostegunean izango dira, arratsaldeko 7etan. Carlos Arranz (Bildu) alkateak adierazitakoaren arabera, egun eta ordu hau aukeratzearen arrazoia biztanleen partaidetza bultzatzea da.
Alkatea denbora osoz arituko da eta soldata murriztu egin du, urtero 33.500 euro kobratuko ditu. Legegintzaldi honetan arloko ordezkariek ez dute dirurik jasoko, zinegotziek ere ez. Ordezkariren bat duten alderdiek, ordea, zinegotzi bakoitzeko 100 euro kobratuko dute hilean (Bilduk 600 €, EAJk 400 € eta PPk 100 €). Era berean, batzorde eta osoko bilkuretara joateagatik ez zaie zinegotziei dirurik emango.
Bilduren asmoa osoko bilkurak ahalik eta parte hartzaileenak izatea da. Herritarren ahotza islatzen dela bermatzeko, eta lehen ez bezala, herri-asanbladak egingo dira arlo guztietan. Horien maiztasuna arlo bakoitzaren dinamika eta beharraren araberakoa izango da. Bilduk konpromisoa hartu du herri asanbladetan erabakitzen dena osoko bilkuran jorratzen dela baieztatzeko.