Urduñako Gazte Independentistek, nekazaritzaren alorrean dauden arazoen jakitun, EHNEko kide Unai Aranguren eta Mikel Kormenzana gonbidatu zituzten elikadura-subiranotasunari buruzko hitzaldia emateko.
Gaur egun eredu industriala da nagusi
Nekazaritzako eredurik hedatuena industriala da, hori baita erakundeek garatutako nekazaritza-politikek bultzatu dutena. Geroago esportatuko diren lehengai merkeak eraldatzean datza eredu industriala, baina bistan denez, huts egin du. Alde batetik, ateratzen den etekin gehiena bitartekarientzat da eta nekazarien irabaziak minimoak dira; bestalde, azkeneko urteotan nekazaritza-ustiapenen kopuruak behera egin du nabarmen. Gainera azalera handiek produkzio eredua markatzen dute, nekazari txikien kaltetan.
Nekazari jarduteko hiru motatako ondasunak behar dira, lurra, haziak eta ura. Lurraren kasuan, gero eta garestiagoa izateaz gain, lursailen gaineko espekulazioa oztopo bilakatu da. Haziei dagokienez, ziurtatuak izan behar dira eta haziak ziurtatzen dituzten 5 enpresen artean lauk transgenikoak darabiltzate. Gainera, azkeneko 10 urtetan hazien %70 galdu da. Esan beharra dago ere ondasun horiek geroz eta pribatizatuago daudela eta multinazionalen esku-hartzea geroz eta handiagoa dela.
Horren guztiaren ondorioz, nekazaritzan ez dago erreleborik eta nekazari askoren etorkizuna kolokan jarri da.
Aldaketarako proiektua: agroekologia eta kontsumo-taldeak
Eredu berri baten beharra antzeman zen gure eskualdean, aipatu arazoei aurre egingo ziena. Hori dela eta agroekologiaren aldeko apustua egin zen. Agroekologiaren baitan hainbat ezaugarri biltzen dira: produktu ekologikoak, tokikoak, sasoikoak, zuzeneko salmenta... Baina askoz harago doa bai alderdi politikoan bai gizartean aldaketak dakartzalako, hala nola, gizarte- eta ingurumen-irizpideak errespetatzea eta kontzientzia politikoko taldea izatea.
Proiektuaren helburuetako bat gazteak animatzea eta engantxatzea da, eta hizlarien hitzetan asko dira interesa azaldu duten gazteak. Eskainiko zaien prestakuntza teknikoa ez ezik, praktikoa eta ideologikoa ere izango da, orain arte emandako prestakuntza eredu industrial eta intentsiboetara bideratuta egon baita.
Hitzaldian proposatutako eredu eta proiektu horrekin elikagai-subiranotasuna lortu nahi da.