Bere izenak zehazten duen moduan, aleak edo bestelako produktuak gordetzeko udal-biltegia zen Alondegia. Askok ere eraikin berean kokatzen zen postetxea ere ezagutuko zuten. Urteetan hainbat erabilera eman zaizkio, 2003ko sutearen ondorioz eraikina bereziki kaltetzeagatik erabiltzeari utzi zioten arte. Oraindik eraberritzear zegoelarik, 2007an, Gazte Asanblada eraikinean sartu zen egokitzeko eta bere proiektuak aurrera eramateko helburuarekin. Gazte Asanblada eraikinetik bota eta handik gutxira udalak Alondegia eraberritzeko lanak abiarazi zituen.
Jada berritutako Alondegia hiriko gizarte-etxe bihurtuko da eta Gazteria Zerbitzua bertan kokatuko da. Erabilera anitzeko gela eta auditoriuma, entseatzeko gela soinugabetuak, grabaketak eta bideo-edizioak egiteko estudioa eta askotariko tailerrak gauzatzeko lokala ere izango ditu.
Urduñako Udalak 122.463,73 € bideratu ditu –horietatik 20.000 € BFAk emandako diru-laguntzari dagozkio– Alondegiko Gizarte Etxea barrutik egokitu eta hornitzeko. Aipatu lanak 2010. urtearen amaieran hasi ziren eta hilabete honetan ikus-entzunezko ekipoez hornituko da eraikina. Sare informatikoa dagoeneko instalatuta dago eta baita komunikazio zentroa ere, beharrezko zerbitzariekin eta sareko postuekin. Gainera, Alondegia eta udaletxea zuntz optiko bidez daude interkonektatuta. Eraikinaren errotulazioarekin laster hasiko dira eta ateak ixteko sistema elektronikoak instalatuko dituzte.