Gabonak heltzear daude eta hori jada igartzen da kale nahiz erakusleihoetako apaingarrietan. Ohi legez, jarduera ugari antolatu dira urteko garai honetarako.
Igandera bitarte, Gabonetako marrazki-lehiaketan parte hartu dutenen irudiak ikusgai daude Kultur Etxean. Guztira 346 haur aurkeztu dira eta atzo bertan banatu zituzten sariak. Hona hemen irabazleak:
0-3 urteko kategorian: Jon Apodaka (2 urte)
4-6 urteko kategorian: Eneko Alava (5 urte)
7-9 urteko kategorian: Joane Ruiz (8 urte)
Gaur arratsaldean, 17:00etan, umeentzako ipuin-kontaketa egongo da eta Alaitz Murok Otsoen istorioak kontatuko ditu.
Bihar ere ez da ekintzarik faltako. Arratsaldeko 18:00etan, frontoian, txotxongiloak egongo dira eta 18:30ean herri-ikastetxeko gurasoek prestatutako gaztaina erreak eta txokolatea dastatuko ahalko dira Foru plazan.
Bestalde, abenduaren 18an, igandean, Mugaldek prestatutako herri-azokak bere ateak zabalduko ditu, non urtarrilaren 6ra arte liburu, disko, elkartasun-produktuak eta abar salgai egongo diren.