40 biztanle inguru dituen herrixka hau azkenaldian askoren ahotan dago bertan antolatzen diren ekintzek izandako harrera bikainagatik. Arrakastaren giltzetako bat Gurpide Jolas eta Kultura Elkartea da.
Mercedes Elejalde Gurpide elkarteko presidentearekin eta Eli Gutierrez elkartekidearekin bildu da aiaraldea.com.
Proiektu berri baten sorrera
Lendoñobeitiko dorretxea eta errota berritu zirenean, 2003. eta 2005. urteetan, hurrenez hurren, egitasmo gehiagori ekiteko nahia sortu zen herrian. Hala, handik bi urtera, 2007ko martxoan, elkartea sortu zen, funtsean, kultura- eta jolas-jarduerak sustatzeko helburuarekin.
Nolatan Gurpide izena?
Gurpide Lendoñobeitiko eremu bat da, haran bat, hain zuzen ere.
Orain arteko ekintzak
Hitzaldiak: hiru jardunaldi-sorta antolatu dira honezkero. Iragan astean hasi ziren 2010eko jardunaldi kulturalekin eta gaur bertan, goizeko 11:00etan bisitaldi gidatua egongo da dorretxea, eliza, Pozako baseliza eta errotak ezagutzeko. Datorren igandean Salvador Velilla ikertzailearen eskutik Larruazabalgo baselizak eta euren inguruak ezagutzeko aukera izango da.
Mendi-martxa: ibilbidea zirkularra da Larruazabal herri-batza osatzen duten lau alkate-auzoetatik. Uztailean izan ohi da, Santiago egunaren aurreko igandean, eta martxa bakoitzak gai bat jorratzen du. Helburua beti berdina da, alegia, bertako historia xumea, toponimia eta ohiturak plazaratzea eta bide batez, ondarearen berri ematea. Guztira 6 ibilaldi egin dira jada:
- Barnera begira. Toponimia
- Larruazabal. Zubiak
- Baserriko lanabesak
- Urduñako eta Larruazabalgo larre-eskubideak Gorobel magalean
- Tologorrin bazkatzeko eskubideak
- Babiora igoera Brontze Aroko Herrietatik
Bestalde, aspaldiko ohitura batzuk berreskuratu dira ere bai, horien artean, Santa Ageda, Alboradak herriko jaietan… Eta larunbatero euskal dantzak ikasteko biltzen dira. Kulturaren aldeko lan oparoa, beraz, elkarte honek egiten duena.