Urduñako perretxikoa aski ezaguna da gure inguruan eta pasa den maiatzean, perretxikoak biltzeko garaiarekin bat eginez, perretxikoaren inguruko jardunaldiak antolatu ziren.
Taberna parte hartzaileek pintxo bereziak prestatu zituzten eta, horrez gain, sukaldaritza tailer bat eskaini zen. Bigarren tailer bat gauzatzeko asmoa egon bazen ere, atzeratu egin behar izan zuten eta atzo egin zen Romulo tabernan.
Rafak, Romuloko jabeak, bere jatetxeko sukaldea ireki zuen eta egun batez sukaldari eta irakasle bihurtu zen. Ordu eta erdi iraun zuen tailerrean askotariko platerak egin ziren (perretxiko-saltsa, onddoak ur-bainuan, onddo eta ganben nahaskia...) eta perretxikoez gain, beste onddo mota batzuk ere prestatu ziren, bitxiena shiitake seguruenik. Asia ekialdeko onddo mota bat da shiitake, azkenaldi honetan moda-modan dagoena.
Behin platerak prest eta mahai gainean zeudela, parte hartzaileek koilara, sardexka eta ogi zati bana hartu eta txakolinaz lagunduta, prestatutakoa dastatzeko aukera izan zuten.