Asko izan dira asteburuan San Pedroak ospatzeko Delikara hurbildu direnak. Ostiralean, gaueko 9etan botatako txupinazoak hasiera eman zien jaiei eta gero, gauerdi aldera, Lisker taldeak dantzan jarri zituen bertaratutakoak.
Larunbatean ehun lagunetik gora bildu ziren karpapean egindako herri bazkarian. Bazkalondo luzearen ondoren nagusienek mus eta briska txapelketetan parte hartzeko aukera izan zuten eta txikienek puzgarrian eta zezen mekanikoan ondo baino hobeto pasa zuten arratsaldea. Gauean berbena egon zen Luhartz taldearen eskutik eta gero diskofesta Xaiborrekin. Zirimiria ari zuen arren, jai giroa ez zen zapuztu. Izan ere, pare bat urtetik hona Delikako jaietan karpa handi bat jartzen dute eta horrek, eguraldia lagun ez denean ere jende ugari erakartzen du. Bestalde, goizaldera arte iraun duten parrandazaleei txokolatea eskaini zaie gosaltzeko.
Gaur arratsaldean jada tradizio biihurtu diren idi probak egon dira, jende asko animatu da gainera apustuak egitera. 20:30etan Xaiborrek berriro ekin dio diskofestari.