3 urte pasako dira azkenengoz Korrika egin genuela. Azken edizioan ez zegoen pandemiarik, ez zegoen errefuxiaturik eta ez zegoen gerrarik, edo behintzat hori sinestarazi nahi digute orain etengabe.
Korrikan parte hartzeko mila modu egon dira historian zehar, milaka konbinazio. Ekarpen ekonomikoa eginez, bolondres moduan antolaketan laguntzen, hutsik dauden kilometroak betez, jai giroan murgildurik egunero jasaten ditugun hamaika bidegabekeri salatuz edota gurekin ez daudenak gure lepo eta bihotzetan eramanez.
Nire lehenengo Korrikak Urduñan egin nituen Eskola Publikoan. Azkenekoa, ordea, Darocako espetxeko patioan. Egunero korrika egiten genuen goizetan bertan geunden kideok, baina egun horretan bestelako ikuspegi eta irribarre batekin egin genuen.
Bagenekien egun hori ezberdina izango zela patioaren neurria bera izan arren, eguneroko errutina izan arren, Euskal Herrian egon ez arren; egun hori berezia izan zen. Gure hizkuntza ezabatu nahi dutenen gatibu izanda ere gure ekarpena egin genuen haien muturretan, gure hizkuntzak bizirik jarraitu dezan.
Aurten, kasualitatez, Amurrion hasiko da Korrika. Martxoaren 31n Euskal Herri osoa euskararen alde zeharkatuko duen lurrikarak nire herrian izango du epizentroa. Egun batzuk besterik ez dira falta euskararen lekukoak, beste behin, bidea urratzen hasteko.
Azken urte hauetan, Aitor eta biok bizi dugun egoeragatik bihar zer gertatuko den edo non egongo naizen ez dakidanez, ezin dut zin egin Korrikaren hasieran egongo naizenik, baina egon ziur euskararen lekukoa gainean eramango dugula.
Animo asko eta eskerrik asko gure hizkuntzaren alde egunero lanean zaudeten guztiei.
Euskal preso eta iheslariak Korrikara!
Alaitz Korrikara!