IRITZIA

Herriaz Harro

Erabiltzailearen aurpegia Galder Barbado Bonilla 2024ko mar. 21a, 06:50

2022an Amurrion hartu zuen lekukoa Galder Barbadok. / Aiaraldea.eus

Azkenengo Korrikan Amurrioko kaleetatik Alaitzen argazkiarekin batera lekukoa eramateko aukera izan nuen. Aurten, ordea, Langraitz aldetik pasako denean biok toki berean egongo gara, Zaballako espetxean, furgonetako oihuak honaino helduko ote direnaren esperoan. Gure herriak, gure hizkuntzak eta gure pentsatzeko erak ez dute kabidarik Espainiar eta Frantziar estatuetan, horregatik Euskal Herria ukatzen, Euskararen aurka oldartzen eta euskal militanteak espetxean zein deserrian mantentzen jarraitzen dute. Euskararen aurkako oldarraldi bortitzenetan, Euskal Herriaren kontrako pasarte ilunenetan eta euskal militanteei aplikatutako zigor eta praktika krudelenetan ere, gure herria beti izan dagai askatasunaren eta etorkizun hobe eta justu baten argi izpia mantendu eta zabaltzeko.

Harro egoteko Herria da gurea, bai, eta gure atzetik etorriko direnak hori bera sinetsi eta bizi dezaten ardura gutako bakoitzaren gain dago, guk bizitzen eta sentitzen dugun harrotasunaren ardura gure aurrekoena izan zen bezala. Gure egunerokotasunean burututako ekintzek, hartzen ditugun erabaki txiki eta ez hain txikiek, sortzen ditugun mugimendu zein ekimenek, gure jarrerek eta sortzen goazen aliantza eta konplizitateek gure historiaren liburuan kapitulu berriak idazten doaz egunero, nahiz eta askotan, bizi erritmo azkarregi honetan, konturatu ere ez garen egiten.

Tipi-tapa tipi-tapa Korrika beti helmugara heltzen da eta horretarako egiten dugun kilometro bakoitza ezinbestekoa da; ordu txikietan jende gutxirekin egiten direnak nahiz jendez lepo dauden errepideetan erritmo motelagoan egiten direnak ere. Kilometro batzuk euripean izaten dira, beste batzuk elurretan inkluso, asko dira ilargipean eta eguzkiak gogoz berotzen dituenak ere, baina Korrika beti aurrera doa, atzean bakarrik inor utzi gabe, irribarrea inoiz galdu gabe. Jarrai dezagun askatasunaren helmugara bidean tipi-tapa, Korrika egiten, atzean inor utzi gabe, gure hizkuntzak, gure herriak eta gure preso, iheslari eta deportatu guztiek askatasuna behar eta merezi dutelako berandu baino lehen.

Herriaz Harro.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide