Klika da euskararen aldeko urratsa ematea, klika da mugimendua, klika da musika eta melodia. Klika da ausardia, klika da apustua. Klika da euskaltegian izena ematea, eta gure lehen hitza euskaraz izatea. Klika da hizkuntza ohiturak aldatzea eta ondokoa animatzea. Klika da emozioa. Klika da oraina eta etorkizuna.
Lehen urratsak Garesen emango ditu aurtengo Korrikak, 21.edizioak, Gasteizen bukatzeko 10 egun zirraragarriren ostean. Eskurik esku pasako den lekukoak milaka kilometro egingo ditu Euskal Herriko txokoak zeharkatuz. Urduñatik ere pasako da, apirilaren 10ean goizaldeko ordu txikitan. Gu zain egongo gara furgonetan datozenei eta ondoko herriko korrikalari euskaltzaleei egunona emateko.
Iritsiko da Urduñara eta joan egingo da oso azkar pasako zaizkigun minutu magikoen ostean. Baina Korrika ez da egun bateko kontua. Lan handia dago, bi urteko lana, Korrika bakoitzaren atzean. Milaka boluntario lanean ilusioa egi bihurtu dadin; milaka pertsona konprometitu euskarak egunerokoan bere bidea egin dezan, euskara gure aukera izan dadin.
Korrikara batuko gara hainbat tokitan, ordu desberdinetan, askotariko pertsona ugari, baina denak desio berberarekin: euskal herria euskalduntzen jarraitzea.
Animatzen zaituztet klika egitera, ez bakarrik apirilaren 10ean. Klika egin dezagun egunez egun, klika txikiekin gauza handiak lor ditzakegu eta. Gauza eder asko Klik batera dauzkagu eta.
KLIKA AEK, KLIKA KORRIKA, KLIKA EUSKARA!