Zertan datza Berakatz egunean Adie Elkarteko kideok antolatzen dugun joko-poteoa? Erantzuna oso erraza da: koadrilek elkarrekin poteak hartzeko aitzakia bat. Eta hori da hain zuzen ere helburu nagusia, gakoa “elkarrekin” delarik.
Laupabost pertsonaz osatutako taldeei bideratutako jokoak prestatzen ditugu; non oreka, abiadura, punteria edo koordinazioa bezalako abileziak frogatzen diren. Joko guztietan puntu gehien eskuratzen duen taldeak jasotzen du saria. Baina joko-poteoan saria gutxienekoa da (berakatz-sorta bat), parte hartzen duten guztiok irabazten dugu, herriak irabazten du!
Guretzat joko-poteoak alderdi sozial nabarmena du, konturatu gabe oso esparru garrantzitsuak lantzen baitira ekintza ludiko bidez, jarduera parte-hartzailea eta integratzailea da, pertsona desberdinen arteko konfiantza eta adiskidetasuna sustatzen dute, talde-lana lantzen da… Eta, gainera, modu xumean eta esfortzu handirik egin gabe jaiak herrikoiagoak bihurtzen ditugula uste dugu. Joko-poteoa sortu arte koadrila bakoitzak bere plana zuen Berakatz eguneko goiza pasatzeko eta gero herri-bazkarian elkartzen ginen, baina orain batera pasatzen dugu goiza. Adin guztietako pertsonak elkartzen gara parte-hartzen, antolatzen, ikusten eta, orokorrean, jai-giroaz gozatzen.
Lotsak alde batera utzi eta lagun artean ondo pasatzeko aukera paregabea da joko-poteoa. Gauzak hala, koadrila guztiak animatu nahi ditugu bertan parte hartzera. Eta norbaitek parte hartu nahi badu eta bere koadrilakoek gogorik ez badute, etor dadila berdin-berdin; talde guztietan egongo da lekua eta.
Jai-herrikoi eta parte-hartzaile batzuen alde!!