IRITZIA

Abian

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2022ko mar. 18a, 07:00

Azaroaren amaiera izango zen, edo abendua, akaso, jakin genuenean aurtengo Korrika gure herritik abiatuko zela. Eta une hartantxe bi sentimendu piztu zitzaizkidan.

Lehenik eta behin, poza; poza eta harrotasuna, gutxi baitira Korrikak bezainbesteko bizipoza eragiten duten ekimenak Euskal Herrian, eta Amurrio izango zelako horren guztiaren abiapuntu. Baina aldi berean kezka ere piztu zitzaidan.

Izan ere, aurreko edizioa Garestik abiatu zen, Erdi Aroko zubi ezin ederrago batetik, eta nola eutsiko zion, bada, gure herriak maila horri? Ba al du Amurriok toki hain enblematikorik? Nik badut bat buruan: Zaraobeko gaina. Logistika aldetik ziurrenik konplikatua izango litzateke Korrika handik abiatzea, baina aldapan behera hasiko litzateke, eta uste dut hori ez dela inoiz gertatu (Arantzazutik abiatu zen 1997ko edizio hartan agian?).

Aldapan behera hasteak, gainera izango luke zerbait sinbolikotik. Euskalduntzearen bide malkartsua bazter geratzen da bi astez, Korrika ospakizunerako eta baikortasunerako abagunea da eta; hori bai, ez dezagun ahantz aldarrikapenerako sortua dela, horixe dela haren jatorrizko funtsa. Etorriko dira gero kezkak eta etsipena, baina martxoaren 31 egun ederra izango da gurean, ziur naiz.

Bestalde, turismoa egiteko aitzakia ezin hobea izan daiteke Korrika, eta horregatik animatu nahi zaituztet ibilbidearen mapa begiratzera eta ezagutzen ez duzuen Euskal Herriko txokoren batera joatera euskararen alde korrika egitera. Zabala da euskararen herria, bai horixe, eta bizipen zirraragarria da, esaterako, Ibañetan behera korrika egitea, edo Baionako karriketan edo are Corella eta Cintruenigo artean.

Korrika on opa dizuet denei eta eskerrik asko, bihotzez, hau guztia antolatzen dutenei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide