Uda heldu da eta gure odola borborrean jartzen da. Egutegiari begira jartzen gara herriz herri dauden jaiak apuntatzeko, ez dugu bat ere ahaztu nahi. Ondo antolatu beharko dugu agenda herri guztietara joan nahi badugu! Ekainean hasi eta irailera arte topera egoten gara, ez dugu ondo pasatzeko aukera galdu nahi. Goizean hasi eta gauera arte kalean, asko gustatzen zaidan talde hori ikusi eta eguna egin arte dantzatzen egongo naiz. Bai, horrela izan da beti, uda jaiekin lotzen dugu. Eta horrela gertatzen da gure Urduñan. Auzoko eta Larruazabalgo herrietako jaien zain egoten gara. Terreroko jaiekin hasten gara eta Belandiakoekin bukatzen dugu. Noski Urdufolk irailaren hasieran dugula! Hala ere, garrantzitsuena ez da jaiak noiz diren gogoratzea, jaiak auzolanari esker antolatzen direla kontuan hartzea baizik. Eskerrak oraindik ere auzoetan eta herrietan jende animatua dagoen urte askotan zehar antolatu izan diren jaiak ez galtzeko! Horretan ere ardura handia dugu Udal mandatariok, modu batean edo bestean jai horiek mantentzea izan behar da gure helburua, eta hor egongo gara ahal dugun eta laguntza gehien emateko.