Gure erritmora, egin klika Korrikari!

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Asurmendi 2019ko api. 4a, 07:00

Bi urtero legez, badator, badator Korrika! Garestik Gasteiza, apirilaren 4tik 14ra eta tartean, Arakaldotik ere igaroko da, apirilaren 10ean. Bai apirilak 10 gorriz markatu genuen egutegian AEK-k ibilbidea aurkeztu zuen unetik.

Berriro ere furgoneta koloretsu, argitsu eta zaratatsu baten atzean lekuko bat eskuan, pankarta bat helduta eta emozioz beterik jende multzo bat pasatuko da gure herritik ziztu bizian. Zenbat denbora itxaron behar, eta zein azkar pasatzen den, baina zein biziki bizi izaten dugun.

Minutu batzuetan baino ezin dugu gozatu gure kilometroa, baina nahikoa da gugan klika egiteko, gu aktibatzeko, gure barrukoa mugitzeko, ozenki aldarrikatzeko, bakoitza bere erritmora, klika eta korrika.

Eta zer litzateke Korrika edizio bakoitzaren abestirik gabe, behin Korrika igarota, oraindik nork bere gomutan ahapetik abesten jarraitzen duen abesti hori gabe.

Aurtengoak dioen bezala, posiblea da klika aldatzea, elkarren artean konektatzea, praktikatzea, euskara gure artean bizitzea, lan eta lan, banaka, taldeka, baina zu gabe ez da posible.
Eta zer litzateke Korrika edizio bakoitzaren omendurik gabe, aurten Txilardegi da. Zerk egin du Euskal Herria? Zerk eman dio bere izakera? Zerk bizi gaitu? Zerk ematen digu gure arima herri bezala? Euskarak ez bestek.

Adi, adi, Arakaldoko gure kilometroan jar zaitez, herriaren arnasa sentitzeko Korrika datorrenean gutxi falta da eta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide