Korrika aurten Baionan bukatzen da, Euskararen aldeko lasterketak bere azken metroak Lapurdiko hiriburuan egingo ditu, Aturri eta Errobi ibaien artean. Euskaldunez beteak egongo dira igande horretan Baionako karrikak: ospakizunerako, itxaropenerako eta lagunarterako momentuak biziko ditugu, garagardoz eta musikaz alaituak.
Hori da Korrikaren xarma eta magia, barneak berotzen dituela, gure hizkuntza, kultura eta identitatea bizirik daudela gogoraraziz, Euskal Herriak dituen zazpi probintziak mapan marraztuz. Kolektibo bat marrazten du, Euskaldunen kolektiboa.
Korrika bukatu eta ondoko egunean Baionak bere usaiako itxura hartuko du eta euskara bilatu egin beharko da. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera euskararen kale erabilera %2 da, hau da, 1000 pertsona euskaraz mintzo gara kalean. Gehiagok badakite, baina Hegoaldean gertatzen den bezala, ez dute erabiltzen. Ikurriñek, dendetako eskaparateek eta toponimiak Euskal Herrian gaudela oroitaraziko digute, ez ordea belarriek.
Baionan euskararen kale erabilera %2 da, hau da, 1000 pertsona euskaraz mintzo gara kalean
Baiona, Angelu eta Miarritze (BAM) elkartuz, Ipar Euskal Herriko biztanlegoaren herena osatzen dute. Hiruak elkarri lotuak daude, hiruetan Frantses kultura eta hizkuntza nagusi da. Lapurdiko kostalde guztia turistifikazio masiborako gune bilakatu zuen Frantziako estatuak bere garaian: udan milaka eta milaka turista datoz gure bazter ederretaz disfrutatzera.
Haiek gozarazteko euskal pilota, herri kirol, euskal dantza, afari herrikoi eta antzerako ekitaldiak ospatzen dira herriz-herri, museo erraldoi batean bagina bezala. Dena frantsesez, Pays Basque baita turistak doazen tokia, ez Euskal Herria. BAMetik kanpo halere, esan behar da euskaldunon komunitatea handiago dela. Herri garrantzitsu askotan (Urruña, Ziburu, Hiriburu, Uztaritze edo Itsasun) alkate abertzaleak daude eta euskara eguneroko bizian presente da.
Baxe Nafarroan eta Zuberoan euskararen egoerak ere izugarrizko atzeraldia izan du azken 100 urteetan. Duela 100 urte, jendartearen %80 baino gehiago euskaraz mintzo zen bi probintzietan eta gaur egun zifra hori erdira jaitsi da. Ehunekotan asko dirudi %40k, baina ez da ahaztu behar bi lurraldeen artean Aiaraldea, Orozko eta Arrankudiaga-Zollo batuta baino biztanle gutxiago dagoela.
Baxe Nafarroan eta Lapurdin duela 100 urte, jendartearen %80 baino gehiago euskaraz mintzo zen bi probintzietan eta gaur egun zifra hori erdira jaitsi da
Atzeraldi hau azaltzeko hainbat faktore daude, asko Hego Euskal Herrian ere gertatu zirenak. Alde batetik, jende asko migrante bilakatu zen pobreziatik eta nekazari bizimodu gogorretik ihesi: kostaldera, Hego Euskal Herrira, Frantziara edota Ameriketara joan zen etorkizun hobe baten bila. Bestalde, eta fenomeno hau Hegoaldean ez zen horrela eman, Frantziako estatuak hemen egindako asimilazio prozesu isil bezain eraginkorraren ondorio da.
Mundu gerretan, batez ere lehenengoan, Euskara baizik etzakiten haiek Frantziako banderaren aldeko borrokan hil ziren lubakietan. Iparraldeko herri guztietan, Frantziaren handitasunaren alde hildako pertsonen aldeko monumentuak daude: izen abizen gehienak Euskaldunak dira. Testuinguru honetan, elizak, eskolak eta instituzioek Frantses aberriaren loria izugarria egin zuten: euskara eta euskal kultura bizi publikotik kentzeko indarrak eginez, eskoletan Frantses hizkuntza eta aberritasuna inposatuz. Ondorioz, familia transmisioa gutxitu zen, batez ere emakumeei emandakoa: bizian aurrera egiteko, modernizatzeko, Frantsesa jakin behar zen, Euskarak ez zuen etorkizunik.
Egoera ona ez eta azken urte hauetan kolonizazio masibo bat jasaten ari gara Ipar Euskal Herrian. Frantziatik erretretadun eta inbestizatzaile parrasta bat etorri da, etxebizitzen prezioa izugarri handituz eta gazteentzako hemen bizitzea oso zaila bilakaraziz. Etxebiztitza batzuk, Covid garaian prezioa bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztu dute. Espekulazio basati honek bukaerarik ez badu, ez dakit herrietako Euskaldunek non bizi beharko duten!
Azken urte hauetan kolonizazio masibo bat jasaten ari gara Ipar Euskal Herrian. Frantziatik erretretadun eta inbestizatzaile parrasta bat etorri da, etxebizitzen prezioa izugarri handituz eta gazteentzako hemen bizitzea oso zaila bilakaraziz
Azkenik, ez da ahaztu behar Euskarak ez duela estatus ofizialik Frantzian, langue Régionale bat dela, eskualdeko hizkuntza bat. Nahiz eta azken urteetan aiztinamendu batzuk eman diren, Euskara ez da hizkuntza ofizial bat administratiboki eta juridikoki. Honek esan nahi du, adibidez, udaletxeak eta beste instituzio publikoak ez daudela behartuak euskara dakien jendea kontratatzera.
Aiaraldetik Ipar Euskal Herrira etortzen zaren hurrengoan ez baduzu kalean Euskara aditzen ez da Frantzian zaudela: asimilazio eta zanpaketa politika baten ondorioak ikusten ari zara.
Panorama beltz honen aurrean, esperantzarako izpiak ageri dira: Euskara eta euskaldunak ez dira duela hogei urte bezain baztertuak, euskaldunak ez gara separatistak edo terroristak.
Berpizkundearen sintometako bat eskola da: Euskararekin kontaktua duen haur kopurua handitzen doa, gazte belaunaldi berri euskaldunak sortzen ari gara. Halere, orotara, %27,2 ikaslek baino ez du ikasten bi hizkuntzetan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Bereziki ahula da ikasle elebidunen presentzia batxillergoan (150 ikasle inguru) eta Euskal filologia da fakultatean euskaraz ikas daitekeen bakarra. 4.200 ikasle daude orain Seaskan.
Frantziako konstituzio epaitegiak (epaitegi konstituzionalak) iaz Euskara inmertsioan irakastea ilegala zela deliberatu zuen, ikastoletan egiten duguna ilegala da!!!!
Frantziako konstituzio epaitegiak (epaitegi konstituzionalak) iaz Euskara inmertsioan irakastea ilegala zela deliberatu zuen, ikastoletan egiten duguna ilegala da!!!! Ez dira ausartuko ikastolak ixten, baina horretan gaude. Beti hari mutur batetik zintzilik, mehatxupean. Azterketa ofizialekin berdina gertatzen da.
Hegoaldean ez bezala, eskola ziurtagiria eskuratzeko Brebeta froga pasatu behar dute ikasleek DBH 3ko urtean (Matematika, Frantsesa, Historia-Geografia eta Zientziak), eta gero, han bezala Baxoa edo Selektibitatea bada. Azken erreformekin, euskararen presentzia murriztuz joan da froga horietan (lehen Matematikak eta Historia euskaraz egiten ziren, orain ariketetako kontsignak ez dituzte euskaraz eman nahi; zientzietako froga euskaraz izango zela esan ziguten iaz, baina testu guztiak frantsesez zauden eta soilik galderak euskaraz; ahozko froga bat bada Baxoan eta Seaskako ikasleek frantsesez pasa behar dute… hara zertan garen).
Testuinguru honetan sortu zen duela urte batzuk Baxoa euskaraz dinamika. Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Baxoko froga guztiak euskaraz pasatzeko aldarrikapena zen eta da. Brebetan ere egoera okertu zenean Brebeta Euskaraz dinamika plantan eman zen Seaskak garaian zituen 5 ikastetxeen artean (aurten 5. bat ireki da). Duela bi urte, borroka guztiak batzen dituen azterketak euskaraz dinamika sortu da: aldarrikapena argia da, euskaraz ikasten duten ikasleek, froga ofizialak euskaraz pasatzea.
Manifestatu gara Baionan, Bordelen, Parisen, Pauen.
Okupazioak egin ditugu Frantziako Hezkuntza Ministerioko egoitzetan, gas lakrimogenoa bota digute, porraz jo gaituzte, bilkurak ezeztatu dizkigute, aitzakia txar eta merkeak eman, etabar luze bat. Ipar Euskal Herriko instituzioen eta gizartearen laguntza behintzat irabazi dugu, eta gure helburuak lortuko ditugu! Korrikak Azterketak Euskaraz dinamika omentzearen arrazoiak hor dira: zapalduetan zapalduenak gara eta borrokatzen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu.
Azterketak Euskaraz, Euskal Herrian Euskaraz!