2.- DONE MIKEL VERSUS BELENUS JAINKOA

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2017ko abe. 18a, 17:17

VIII. mendera arte gutxienez, Bretainia eta Normandiako mugan dagoen leku famatuena ez zen Mont Saint Michel, Mont Tombe baizik. Bertan hilerri bat omen zegoen, edo Belenus jaungoikoaren hilobia… Batek daki!

Guy de Maupassant-ek 1882an bisitatu zuen Mont Saint Michel, eta ipuin bat idatzi zuen. “Gero eta hurbilago nengoenean, nire miresmena handiagoa egiten zen, agian munduan ez dagoelako ezer hain apartekoa eta perfektua”, esaten zuen. Nik egia dela esan dezaket; ikusten dudan bakoitzean erakargarriagoa iruditzen zait niri ere.

Mont Saint Michel marearteko irla bat zen, hau da: itsasgoran itsasoak bere osotasunean inguratzen zuen sarritan. Orain, aldiz, marea bizietan ez bada, gutxitan gertatzen da. Irla ez zen helduerraza, itsasbeheran soilik; itsasontziz ere ez zen iristeko erraza, itsasoa oso sakontasun txikikoa delako inguru zabal batean.

Guy de Maupassant-en bidaia baino bi urtez lehenago, 1880an, dike bat eraiki zuten; gainetik bide bat ere, irlako sarbidea itsasbeheraren menpean ez egoteko. Geroztik irla baino gehiago penintsula ematen du; gainera dikeak Couesnon ibaiaren eta itsasaldien arteko eragina eragotzi edo aldatu zuen, eta badiaren zati handiak polderizatu egin dira. Ehun eta hogeita bost urte geroago (2005ean) itsasoari lapurtutakoa itsasoari itzultzea erabaki zuten, eta 2015etik istmo artifizialik ez dago. Mont Saint Michel itsas izaera berreskuratzen ari da.

Mont Saint Michel izen bereko 500 bat km karratuko badian dago. Itsasoak oso sakonera txikia du, eta hain handia da badia, itsasbeheran mendiaren inguruko kilometro askotan ura desagertzen dela. Mareak 14 metrokoak izan daitezke, eta, igotzean, badia osoa estaltzeko 6 km orduko abiadurarekin aurrera egin behar du urak.

Gizakiek aitzinetik bilatu, aurkitu edo ezarri dituzte gurtza lekuak mendietan. Mendi hau ez da oso garaia; granitozko haitza berak (gaineko eraikinak kenduta) 100 m baino gutxiago ditu, baina inguruko lautada bukaezinean ikusgarria da urrutitik, oso nabarmena, batez ere itsasbeheran lohizko zabaldiak ―grisa, erraldoia eta umela― inguratzen duenean.

Dirudienez VIII. mendera arte Mont Saint Michel ez zegoen itsas ertzean; kostaldea ia 50 kilometrora omen zegoen, gaurko Chausey irlen latitudean. Gaurko badia Scyssy[1] izeneko basoak hartzen omen zuen. Chausey irletan aditasuna jarriz ulertzen da zein sakontasun txikian dagoen inguruko plataforma kontinentala: artxipelago honek 52 irla ditu itsasgoran; itsasbeheran, aldiz, 365.

Lautada handi horretan ezarri ziren lehengo biztanleentzat, Mont Saint Michel mendia erakargarria izan behar zuen. Belenus jainkoari sagaratu zuten gurtza lekua bezala. Galiarrek  hilerri bat jarri zuten megalito baten inguruan; erromatarrek heldu baino lehen bazegoen hor. Belenus Eguzkiaren, argiaren eta suaren jaungoikoa zen; abereen zaindaria omen zen ere. Erromatarrek Apolorekin parekatu zuten, hau ere abereen eta artzainen zaindaria izateaz gain, Eguzkiaren jaungoikoarekin parekatu zuten grekoek, Apollo Helios izenarekin.

Ni arratsaldean heldu nintzen Mont Saint Michelera. Itsasbehera zegoen eta gotortutako herrian sartu aurretik, badiako hareetatik (lokatza ematen zuen harea baino) menditik urrundu nintzen, oinak behin baino gehiagotan lohietan hondoratzen. Noizbait ikusitako irudiak etortzen zitzaizkidan burura: badiako harea mugikorretan zaldunak trabatuta.

Mendia ehunka metrora neukanean biratu nintzen. Aurrean haitzaren silueta neukan, bere atzean eguzkia zegoelako. Harresia eta eraikin guztiak siluetari kenduta irudikatu nahi nuen Mont Saint Michel, eta ni Scyssy baso erditik Belenus edo Tombe mendia ikusten; antzinako izenekin antzinako mendia ikusi nahi nuen. Begiak irekita ezinezkoa izan zen, azken finean historiak etengabe aldatu du mendiaren fisionomia, baina etengabe edertu du ere.

Herrian sartu nintzen iluntzen hasi zenean. Kale nagusian eta karriketan uste baino jende gehiago aurkitu nuen; nahiz eta han egondako aurreko aldiekin alderatuz askoz jende  gutxiago egon,  urriaren bukaeran ez nuen hainbeste turista espero. Zenbat leku turistikoek nahi izango lukete hemengo udazkeneko bisitarien kopurua beren urteko egun hoberenetan!

Gora doan kale estua (Grande Rue) hotelaz, jatetxeaz eta saltokiz beterik dago. La Mère Poulardek dituen lekuak ugariak dira; ematen du marka honek herria kolonizatu duela. Denda asko bazeuden ixten, baina kalea animatuta jarraitzen zuen.

Done Mikelekin lehenengo topaketa izateko, Kepa deunaren elizan sartu nintzen. Kapera batean Done Mikelen estatua bat dago ohiko osagaiekin: koroa, ezpata, ezkutua…, eta oinetan herensugea garaitua. Argazki bat egin nahi nuen, lasaitasunez, baina ezin; bisitari batzuk turistak izateaz gain fededunak ziren, eta beti zegoen norbait Done Mikelen aurrean otoitz egiten.

Gaua zen alde egin nuenean, eta utzi nuen mendia bisitarien bi herenek egiten duten bezala: abadia eta eliza bisitatu gabe. Harrigarria iruditzen zait datua: urtero hiru milioi turistek bisitatzen dute lekua, baina bakarrik heren batek ikusten ditu goian dauden eraikin historikoak.

Nik hurrengo egunerako utzi nuen bisita hori, eta, 2015etik erabiltzen den pasarelatik, oinez aldendu nintzen La Caserneraino. Handik, gauean,  ikuskizun apartaz gozatu nuen denbora luzez: Mont Saint Michelen argiztapen artifizialak mendia flotarazten zuen iluntasunean. Belenus jaungoikoaren jarraitzaileek ez zuten inoiz ikusi nik miresten nuen silueta.



[1] Dirudienez, omen, … Scyssy basoarena mito bat izan daiteke. Leku askotan irakurri dut mendi honi buruzko zerbait, baina beti informazio bera, eta erreferentziarik gabekoa; ez dakit dagoen, baina nik ez dut informazio fidagarririk topatu. Scyssy basoarena mito bat baldin bada, helburu edo funtzio pragmatiko batekin sortu zen. Mendiak, edo irlak, edo haitzak ikusgarritasuna galduko luke baso batez inguratuta. Aipatutako informaziotan irakurri dudanaren arabera, haitzaren kristautzea eta Scyssy basoa desagertzea garai berean gertatu ziren. Mito honen atzean, mitoak berak azaltzen ez dituen helburuak daudela pentsatzea logikoena da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide