KORRIKA

Euskara, airean mugitzen den zirimiria

Erabiltzailearen aurpegia Josune Irabien 2022ko mar. 17a, 07:00

Sarritan pentsatu dut bizitzako zeharkako lan handiak zirimiria bezalakoa direla. Dena busti behar da mela-mela eginda amaitu arte.

Euskara da gustura bustitzeko bizigunea. Euri tantak izan beharrean, hitz-tantak jasotzen ditugu egunerokoan. Euskaraz bizitzea erronka polita izateaz gain, aukera paregabea, ametsak egia bilakatzekoa hain justu. Zer goxoak hitzak, familian ematen ditugunak, lagunekin partekatzen ditugun solasaldiak, gozatzeko pasarteak…

Eta ez soilik elkar hitz egiteko edo komunikatzeko diren horiek. Euskara soka bat ere bada, munduari zabaltzen dugun soka amaigabea…euskara barruan diren hainbat eta hainbat tradizio, usadio-altxorrak, hiztegi berezia, musikari lotzen direnak, beste inon aurkitzen dituzun hitz aberastasuna... Hori guztia ere bada euskara.

Urteak joan urteak etorri, 80ko hamarkada polit eta berritzaile hartan eskualde honetan euskararekiko lotura osatzen hasi zen belaunaldi berri batekin. Euskaran murgildu nahi genuen euskara ezagutu gabe. Euskaraz bizitzeko grina nonahi. Eta martxan hasi ginen. Orain, urte batzuk pasa dira eta grinari berdintsu eusten diogu. Euskarazko sortzaileak egunero agertzen dira eta elikatzen dute euskarak duen unibertsoa. Unibertso horretan euri-zirimiriak darrai hasiera batean bezalaxe. Orain euskarak hastapen haietan zeukan ikusgaitasuna ere badator berriro ere…etengabeko mugimendu-ekintza bateratzailearen bidez…Korrika, kasu. Tipi-tapa soinu goxo horren atzean kolore anitzetako bizidunen suge berbatia dator. Eta gaur, hasiera Amurrion izango da. Lehen eta beti bezala adin guztietakook bertan izango gara…nor baino nor bere erritmoan, inor atzean utzi gabe baina xumea den helburua buruan. Txubaskeroa eta zapatilak jantzi eta bolo-bolo zabaldu “euskaraz bizi nahi dut”. Goza dezagun Korrikan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide