ABEL ARROYO ASTARLOA

“Ganorazko bideen krokisa egitea dugu xede”

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2020ko abe. 23a, 08:00

Abel Arroyok hamarkadak daramatza Kanteran bideak zabaltzen. / Joxe Blanco

ABEL ARROYO ASTARLOA (Laudio 1967), eskarmentu handiko mendizale eta espeleologoa izateaz gain, Bitorikako eskaladaguneari ekarpen zabalena egin dion pertsona da. 34 urte igaro dira bere lehenengo eskalada bidea zabaldu zuenetik, eta gaur egun oraindik erraz topatuko dugu bertan egokitzapenen bat egiten, segurtasuna hobetzeko lanetan. 

Noiz hasi zinen harrobira etortzen?

Lagun batek hitz egin zidan Bitorikan eskalatzeko aukeraz eta 1985. urteko uda aldean bertaratu nintzen  bakarrik eta nire material eskasarekin. Kasualitatez, han zeuden Goikogane taldeko gazte batzuk,  Hidalgo,  Mugurutza, Egia, besteak beste, eta arratsaldea eskalatzen eman genuen.

Eskalada bide zenbait zabaldu dituzu, hainbat estiloetakoak gainera.

Bai, lehenengo biak Txemarekin zabaldu nituen (Roja I eta Roja II)  Gainerakoak ( “Txapas”, “Txatarras”, ”Murcielagos”, “Ikurriña” eta “Paraiso inhabitado” bakarka eta behe aldetik hasita, “azkazalak”,  iltzeak eta abarren laguntzarekin.

Behin baino gehiagotan eroriko gogoangarriren bat izan nuen.  Berriki, Joxe ta biok bide berria zabaldu dugu: “Uhinak”.

Eskalada bideak ekipatzeko brikolaje nahiko erabili zenuen. Baina, horretaz gain, erosi beharreko material asko erabili behar izan duzu. Inoiz diru-laguntzarik jaso al duzu?

Behin Goikogane Mendi Taldeak materiala  erosteko 3.000 mila pezeta eman zigun, oker ez banago. Baina gainerakoa gure patriketatik atera da beti.

Agian zure ekarpenik ospetsuena, oraindik orain eskalatzailei izerdia botarazten dien “Murcielagos” deritzon bidea da. Zuk, aldiz, beste izen bat ipini zenion. 

Hasieran, “Galletazo” izenarekin  batailatu nuen, zabaltzean  izan nuen erorikoa gogoan. Baina gerora, “Murcielagos” deitura hartu zuen,  bidearen  heldulekuetako  batean saguzarrak ezkutatzen zirelako. 
Bide honetan, burdinezko ur-tutu bat erabili nuen aseguru moduan, pentsa!

Zure ikuspuntutik, hasi zinenetik zertan aldatu da harrobia?

Tira, lekua berez ez da asko aldatu. Bai, orain bide asko daude eta  segurtasunaren aldetik, nahiko ondo hornituta dago. Jendea eta eskalatzeko era da aldatu dena. Kirol eskaladaren jarrera nagusi da eta lehengo abentura kutsua galdu du. 

Egun, abentura mozorroa da eta atzean kontsumoaren kultura dago, beti presaka... Jendea eskalatzera dator baina askotan ez du zuzen jokatzen, zaborrak uzten ditu, ainguraketak aldatzen ditu...

Azken hilabetetan zaharberritze lanetan ari zarete. 

Bai, “karkamal” nostalgiko hirukotea elkartu gara (Alfredo, Joxe eta hirurok) eta baliabide gutxirekin, lan txukuna ari gara egiten. Instalazio guztiak ikuskatu eta berritzeaz gainera, ganorazko bideen krokisa behingoz egitea dugu xede. 

Bideak zerrendatu, zailtasuna egokitu eta markatzearen ondorioa izango da. Lan hau aprobetxatu nahi izan dugu, eskualdeko mendizale desagertuei gorazarre egiteko eta izenik ez zuten eskalada bideei, eurenak ipiniko dizkiegu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide