Pertsona orok dugun emozioa da beldurra. Haurren kasuan, bi edo hiru urterekin ageriago agertzen dira, eta gaueko beldurrak etorri daitezke, lotan dauden bitartean. Beldurra ez dugu zerbait negatibo bezala hartu behar, haurrak beldurrak erabili egiten ditu modu batean, mundua ezagutzeko eta bere burua ezagutzeko.
Beldurrak beti egongo dira; gainditzen jakitean dago gakoa. Batez ere geldiarazten gaituzten beldurrak badira. Beldurrak onak dira guretzako, arazoak saihesten laguntzen gaituztelako. Geroz eta munduaren ezagutza handiagoa izan, beldurrak gainditu, eta berriak agertuko dira. Ezinbestekoa da beldurrek gure egunerokotasuna ez geldiaraztea.
Ipuin klasikoetan beldur hori otsoak ordezkatzen du. Otsoa ipuinaren bukaeran hil egiten denean, haurrari beldurra gainditu daitekeela erakusten dio. Helduek, haurren beldurren aurrean, lasaitasuna, segurtasuna eta konfiantza transmititu behar diegu. Ondoan egotea eta, batez ere, beldur horiek zer nolako eragina duten behatzea da helduon egin beharra. Baita beldur berriak ez transmititzen saiatzea ere. Haurrarengan konfiantza osoa izan behar da, bere gaitasunez fidatu, haurrari helduen beldurrak ez transmititzeko. Beldurrak bizi eta beldurren bidelagun izan, denok sentitzen baititugu noizbait.