Laudio Ikastolako Jugatx Jiashang Larrakoetxea Gorostidiren “Amaiur 150. Amaiurko setioa” lanak irabazi du Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren lehen edizioa. Juegatxek sariaren aitorpena jaso berri du lagun artean; bere lana Xabiroi komiki aldizkarian argitaratzeaz gainera, marrazteko tablet bat jaso du sari gisa. Jugatxen komikia izan da hautatua, lehiaketara aurkeztu diren 39 lanen artean.
Saritutako lana ikusgai dago Araba Euskaraz webgunean: https://ikastola.eus/sites/default/files/komikiak/AMAIUR-14.pdf.
“Amaiur 150. Amaiurko setioa”, Xabiroi komiki aldizkariaren urriko zenbakian argitaratuko da, eta Dani Fano komikigile eta aldizkariaren zuzendariak lagunduko dio Jugatxi aldizkarian argitaratzeko edizio lanetan. Bere lana Xabiroi aldizkarian argitaratzeaz gain, Jugatxek marrazteko tablet bat ere eraman du sari gisa.
Ikastolak Herriari ekimenaren baitan kokatzen da Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketa. Baina lehiaketa baino, dena den, parte-hartzea sustatu nahi izan da ekimen honen bitartez. Izan ere, komikigintza atsegin duten eta horretan lehen urratsak egiten ari diren gazteei euren sormen lana garatzeko aukera ematea zen helburu nagusia, eta era berean, komikiak atsegin dituzten baina oraindik egiteko urratsa egin ez duten gazteak ere animatu nahi izan dira pauso hori ematera. Eta bai batzuek zein besteek egin dute urrats hori, eta hori bera saritu nahi izan da Komiki lehiaketa honetan. Horregatik, parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatu dira: marrazteko bi tablet eta Xabiroi bildumako albumak (3na albumeko bost sorta). Gainera, parte-hartzaile guztiei Xabiroi aldizkariaren urtebeteko harpidetza bana oparitu zaie.
Dani Fano eta Ainara Azpiazu “Axpi” komikigileek eta Koldo Aldabe Ikastolen Elkarteko komunikazio taldeko kideak osatu dute epaimahaia, eta aho batez hartu dute erabakia. Irudigintza bezala narrazioa ere aintzat hartuta Jugatxen “Amaiur 150” lanak merezimendu osoz jaso duela saria azpimarratu du epaimahaiak.
Bestetik, komiki irabazlearen ilustrazioak nahiz gidoia egile berarena izan bada ere, epaimahaiak azpimarratu du lanik gehienak talde lanaren emaitza izan direla. Komikigintzan, hain zuzen ere, talde-lanak garrantzi handia du, eta gazte hauek erakutsi duten elkarlan hori aldarrikatu nahi izan du epaimahaiak.
Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren lehen edizio honetan gaia emana izan da. Hain zuzen ere, Amaiurko gazteluaren setioaren inguruko kontakizun bat osatzea eskatu zitzaien egileei. Batzuek kontakizun hori hartu dute gaitzat; beste batzuek, berriz, gaiaren garaian kokatu arren, amodiozko narrazio bat asmatu dute. Badira garai hartan oinarritutako bestelako kontakizunen bat asmatu dutenak, eta baita hamaseigarren mendea eta gaur egungo aroaren arteko lotura egin duenik ere.
Aurkeztutako lan guztiak Araba Euskaraz webgunean ikusgai daude: https://arabaeuskaraz.eus/komiki-lehiaketa.