Duela urte bat hasitako ibilbideak bukaera izan zuen ekainaren 20an. 2020ko ekainean “Zabal bideak” leloa eta irudia aurkeztu ostean, hainbat izan dira Laudio Ikastolak Araba Euskarazen izenean antolatu izan dituen ekintzak.
Hasiera batean hilabetero ekintza bat antolatzea izan zuten pentsatuta, helburu nagusia Laudio Ikastola herriari ezagutaraztea eta Ikastolaren proiektua hauspotzea izanik. Osasun krisia dela-eta, berrasmatutako edizioa izan da aurtengoa. Ekintza guztiak pandemiaren ondorioz ezarritako neurrietara egokituta antolatu dituzte; edukierak mugatuz, aldez aurretik izena emanez, etab.
Neurriak neurri, oztopoak oztopo, ekintza guztietan hezkuntza komunitatearen, Laudioko ostalaritza eta merkataritzaren, eragileen zein laudioarren erantzuna eta ekarpena oso ona izan da. “Ikasturte hasieran erronka zen hura, aukera bilakatu dugu eta erantzuna, inplikazioa eta partehartzea ikusita, biziberrituta eta indartuta atera gara” adierazi du Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak.
Pandemiaren eraginez horren kaltetuak izan diren euskarari eta kulturari arnasgune bat eskaini izan dio aurtengo Araba Euskaraz egitasmoak. Laudio euskaraz jantzi izan dute ikasturtean zehar antolatutako jardueretan; izan antzerkia, izan 10.000 km baietz erronka, izan bideokliparen aurkezpena, izan orientazio proba … hori islatu izan da.
Ekainaren 20an, Araba Euskaraz egunean, hainbat izan ziren Euskararen basoa eta Euskararen plaza guneetan antolatutako ekintzak. “Bi gune eta hamaika ekintza izan genituen. Umeentzako antzerkiak, musika emanaldiak, dantza, zunba, ihes gela, harrera ekitaldia, tonbola, … ekintza ugari eta jende andana. Euskararen presentzia nabarmena izan zen familia giroan gozatzeko antolatutako egunean, kultura eta euskarari berriz bidea zabaltzeko aukera eman zuen egunak eta hori bertaratutako guztiei esker izan zen”. Bertaratutakoak eta eguna aurrera ateratzeko auzolanean aritu izan ziren guztiak eskertu nahi izan ditu Jon Bengoetxea Martinezek, Laudio Ikastolako zuzendariak.