Hemendik eta aste batera Aretak bere jaiak biziko ditu. Aurtengo programa hilaren 24tik 27ra bitartean luzatuko da eta ekintza ugari bilduko ditu laudioarrak eta bisitariak jai giroan murgiltzeko. Hortaz, lau egun hauetan Aretara hurbiltzen direnek elektrotxarangaz, buruhandiez, puzgarriez, kalejirez, erromeriaz, txapelketa gastronomikoez eta bazkari herrikoiez… gozatu ahal izango dute, beste zenbait ekintzen artean.
Musikari dagokionez, aurten Aretak Deriba, Galletazo, Malko eta DJ Radiopatio taldeak izango ditu, eta Gauargi, Itzal eta Iratzar erromeriak ere. Horrez gain, nerabeentzako graffiti tailerra egongo da, ardi txakur lehiaketa, herriko abesbatzen kontzertuak, dantzaldiak, 80 urteko gorakoentzako omenezko bazkaria eta kirola ere: Rafa Olabarria Memorialaren esku pilota finalak.
Bitartean, Ugarteko auzoak bere jaien edizio berri bat pizteko prest egongo da. Aurten ekimenak uztailaren 31tik abuztuaren 4ra arte luzatuko dira jarduera ugarirekin; futbito-lehiaketa, herri kirolak, buruhandiak, talo-dastaketa, sardina-jana, bizkotxo eta tortilla lehiaketa gastronomikoak, karaokea, eta, umeentzako tailerrak eta jolasak, noski. Izan ere, txikienek abuztuaren 1ean izango dute eguna. Aurten Ugarteko kontzertuen kartela honako talde hauek osatuko dute: DJ Bafol, Izate Faltsua, Skabidean, HBN, Zinkha, Oinutsik eta Pakita Penas.