IRITZIA

Korrikarrak gara, harro!

Erabiltzailearen aurpegia Lexuri Ugarte Aretxaga 2024ko mar. 11a, 06:44

Korrika Txikia Laudion, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Orro ozen bat entzuten da berriz ere.

Euskararen deiadarra da; itsasoak bustitako hondarretik hasi, biluztutako harkaitz, haitz eta harrien kontra talka egin, mahasti, pinu eta pago guztiak airean jarri eta leihatila guztietako beirak jo dituen garrasi mutu zein indartsua.

Irri, algara eta barre egiten hasi dira haur eta gazteak… kolorez jantzitako adar koloretsuenak euskararen aldarria dakarkielako euren kale eta plazetara.

Hasi dira beste behin kartoizko lekukoak egiten, euskara eskuz esku eramateko eta ahoz aho euskara praktikatu nahi dutela aldarrikatzeko.

Urru ematen ari dira/gara euskaldunak gure arnas eta gogoak. Euskararen ezagutza eta erabilera aldarrikatzeko lasterketarik zoro, maite eta jostarienak Euskal Herriko bazter guztiak bisita ditzan. Eta pausoz pauso, hitzez hitz, Euskal Herriko txoko guztiak arnasgune bihurtuz momentu txiki baten baldin bada ere.

Erru handiko hizkuntza bat eskuan. Hankak korrika jartzeko modukoa. Bihotzari taupadak ematen dizkiona. Euskaldunari izaera luzatzen diona. Herria eraikitzen duena. Elkartasuna sortarazten duena. Irun eta Baiona inoizko haririk luze eta konpartituenarekin lotzen duen haria. Korrika.

Herri harri-bitxia, Korrikak dakarkiguna.

Milaka lagun, milaka nortasun diferente lotu, batu eta biltzeko gai den erritmo bukaezina. Hogeita hirugarrenez euskaraz bizi, maite, entzun, lan eta amets egiteko nahia aldarrikatzera datorrena. Gau edo goizez; euritan edo elurretan; eguzkia erruz jota edo tipula baten antzera hamaika geruzaz tapatuta. 

Harro senti gaitezen. Euskaraz aritu, euskaraz saiatu, euskarara oraindik ere gerturatu ez edo euskara jada ahazten ari diren emakume eta gizon guztiok. Euskara dugulako ekintzaile, bultzatzaile eta aktibo. Euskarak beste ezerk ez gaituelako herri bezala mantenduko. Euskara egingo gaituelako paregabe, euskara egingo gaituelako euskaldun. Euskara dugulako bizipoz… bizinahi… bizi!

Aiaraldeko herritar oro: ez zalantzarik izan… Korrika aitzakia onena dugu, beste behin euskara plazaratu eta harrotasun osoz euskaldun garela eta euskaraz aritu nahi dugula aldarrikatzeko. Jantzi zapatilak, batu Korrikara eta astindu mingainak! Harro euskaraz, herria eraikinez!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide