IRITZIA

Korrika 22, Bartzelonatik

Zaila egin zait zutabe hau idaztea. Korrikarekin batera burura etortzen zaizkidan pentsamendu eta sentipenei hitzak jartzea. Etxean gordeta dudan altxor kutxaz gogoratu naiz bat-batean. Kutxa horretan gordetzen ditut, 1980az geroztik, antolatu diren Korrikako txapak. Jaio ez nintzen arren, gogoratzen dut nola aitak urtez urte gertatutakoak kontatzen zizkidan, banan-banan txapa denak atera eta berriro sartzen nituen bitartean. Zenbat aldiz atera eta sartu ote ditudan! Euripean, bizikleta gainean, lekukoa eskuan eta ikurrina airean imajinatzen nituen hasierako urte haietan.

Gerora jakin nuen nik zer den Korrika iristeko atzera kontaketa egitea, aurreko gauean loak ez hartzea, petoa janztea, Arabako herri galduetara kotxez hurbiltzea Korrika egitera, lagunekin batera kantu eta oihu egitea, eta lekukoa altxatzea. Aspertu arte abestu (eta abestuko) ditugu bat, bi, hiru, lauuuu, boost, seiii; zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, Euskal Herria, korrikaa!

Martxelo Otamendik Iruñean azken kilometroa hartu zuenekoa, Donostiara autobusez lagunekin joan ginenekoa, gurasoekin Zigoitian korrika egindakoak, euripean gauez Okondotik datorren errepidetik behera lasterka egitea, Bilbon Korrika amaitu osteko erromeria, edota Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan Maialen Lujanbioren azkena. Irudi eta oroitzapen asko ditut buruan gordeta.

Aurten antolaketan parte hartzea egokitu zait. Eta Euskal Herritik kanpo ere, Korrikak sortzen duen ilusioa zeinen polita den ikusten ari naiz. Pribilegiatu sentitzen naiz Korrika zer den, zer suposatzen duen eta txiki-txikitatik honen parte izateko aukera izateagatik.

Eskerrik asko aita altxor hau gurekin partekatzeagatik! Bejondeizuela erokeria hau hasi zenuten guztiei! ETA ZORIONAK KORRIKA! 22, ETA URTE ASKOTARAKO!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide