Euskara, elkarlana, natura, auzolana, kultura, herrigintza, herrimina. Xarmaz betetako eta gure Korrikaren adierazgarririk handienak diren hitzak. Korrikak batu, lotu eta argiztatu egiten ditu ibilbidean zehar igarotzen dituen herri txiki zein handiak.
Txikitatik egin dugu korrika Tipi-tapa Tipi-Tapa lelopearen erritmoan, martxoko data berezi honen zain, eskoletan egindako petoak koloreztatzen.
Urteak joan eta igaro dira, eta eskola orduetan proposatutako jarduera gure ohituraren parte bilakatu da. Gogoz itxaroten dugu Korrikaren ibilbidea jakiteko; gogoz ere, bere ordutegia gure heldutasun bizitzarekin bat egiten duen edo ez jakitera. Baina ezinbestekoa da guretzat, gure herri txiki horretan korrika egiteko aukera izango dugun edo ez jakitea.
Indibidualismoa bandera moduan duen mundu berri honetan, Korrikak euskara ardatz moduan izanda, batera eraikitzearen aldeko proposamen bat da. Gure herrian bertan; gosaria, afaria edo txokolatada prestatzen ez dutenek, kotxea hartu eta furgonetaren atzetik dabiltza korrika egiten duten herriko pertsona guztiak pixkanaka batuz, guzti guztiak jaso arte, denek herrira itzultzeko aukera izan dezaten.
Hori da guretzat Korrika, 5-6 minutuetarako gure herria hankaz gora jarri, herrikide ezberdinekin bat egin, hauek animatu, eta alboan dagoenarekin batera euskararen aldeko leloak abesteak sorrarazten duena.
Kanpotik beraz, ez da erraz ulertu daitekeen afera bat, azkenean Korrika, nahiz eta talde lanean bermatu, oso pertsonala da. Bakoitzak barrutik eramaten baititu bi urtero antolatzen den ekitaldiak sortarazi egiten dizkion sentimenduak.
Duela pare bat urte sare sozialetan topatu nuen esaldi bat da nire kasuan Korrikaren esentzia hobekien plazaratzen duena ¨Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala jakitea”.
Eta hori da azken finean Korrikaren funtsa, euskararekin bat korrika egitea, hortaz; jarrai dezagun korrikan.