Zoritxarrez eta zorionez, Aek-k izan duen ibilbidea ez da erraza izan, eta Amurrio ez da salbuespena. Zorionez esan nahi dut, bizi izandako momentu horiek irakasle taldea indartu egin dutelako. Egun, lankideak baino gehiago, Amurrioko Aek-n familia osatu dugu, eta horrek, ikasleengan isla duelakoan nago.
Aek-n aritzea ez da soilik irakaslea izatea, baizik eta, barruan daramazun euskararekiko maitasuna transmititzen saiatzea. 31 urtetan hori egiten ahalegindu naiz, eta oso harro nago.
KORRIKA 22 Amurrion hastea saria da, bai AEKideontzat bai Aiaraldeko guztiontzat. Une latz hauetan haize freskoa behar dugu, eta ziur nago denon ahaleginarekin egun zoragarria eta ahaztezina izango dela; are gehiago, pairatzen ari garen egoerari aurre egiteko bultzada emango digula.
Bukatzeko, ez dut aurtengo omenduetako bat ahaztu nahi, nire laguna Mertxe, Marimots. Orain dela 30 urte euskarak elkartu gintuen Errigoitin, eta orain KORRIKAk berriro batuko gaitu Amurrion, hau patua!
Gora KORRIKA
Gora Amurrio
Gora AEK