[IRITZIA] 36 urte oinezko lehen jaitsieratik

Erabiltzailearen aurpegia Mateo Lafragua 2018ko abu. 31a, 07:00

Ezin gara Arteko zelaiko lehen jaitsieraz mintzatu aurretik beste gertaera batzuk aipatu gabe. Aldaketa asko egon ziren jaietan urte horietan, gaur egungo festen bilakaera markatu dutenak.

1974. urtean aldaketa garrantzitsu bat egin zen jaien kontzeptuan eta ordura arte erabilitako datetan. Aldaketa erradikala izan zela esango nuke, urte askotako tradizioarekin apurtu baitzuen. Kexa eta protesta batzuk egon ziren arren, moldaketa horiek indarrean diraute gaur egun, bere garaian bete-betean asmatu zenaren seinale.

1974ko urtean irailaren 9ko Arteko zelaiko bazkari tradizionala irailaren 8tik (Artziniegako patroiaren eguna) gertuen zegoen larunbatera aldatu zen. Ordura arte bazkaria Arteko festaren osteko egunean ospatzen zen, tradizioak hala aginduta.

Moldaketa horrekin ekin zitzaion handik urte batzuetara zelaitik jaitsiera oinez egiteari, eta harrera masiboa izan zuen, larunbatean egiten zelako.

1982. urtean antolatu zen gaur egungoaren tankerako lehen jaitsiera. Zenbait urtetan jaitsiera autoz egin zen, modu librean. Herria zeharkatzen zen klaxonarekin ahalik eta zarata handiena eginez. Baina urte horretan jai batzordeak erabaki zuen jaitsiera oinez egingo zela eta fanfarrea batek lagundua izango zela. Hala adierazi zen urte hartako jai egitarauan, autoak atzetik joan beharko zirela nabarmenduta.

Oroitzen dut tentsio uneak egon zirela autoz jaitsi nahi zutenen eta Jai Batzordeko kideen artean. Gauzak hala, zutoin bat jarri zen bidearen erdian, oinezkoak jaisteari ekin zioten arte. Beste aldaketa garrantzitsu bat, autoak zelaian sartzea debekatzea. Harriz inguratu zuen belardia gazte talde batek, agindu hori bete zedin. Modu horretan ekidin zen autoak sartzea eta mahaien parean aparkatzea. Urte batzuk beranduago egin zen gaur egun ezagutzen dugun itxiera harresia.

Jaitsieraren antolakuntzak beste tradizio bat ekarri zuen berarekin, gaur egun oraindik mantentzen dena: jaitsieran parte hartzen duten pertsonei ura botatzea leiho eta balkoietatik. “Ura, ura” zioen oihuak mezu bikoitza zeukan: jaiari lotutakoa eta aldarrikapenezkoa. Garai hartan ur eskasia garrantzitsua bizi zuen Artziniegak udan, egunean ur hornidura ordubetekoa soilik izateraino (eta Alde Zaharrean are gutxiago).

1974. urtean bazkaria dataz aldatu zuen Jai Batzorde berbera izan zen 1982. urtean oinezko lehen jaitsiera antolatu zuena. Urte luzez egon zen talde funtzionamenduan jende berria batuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide