"Indarkeriaren jatorria ez da ez autoestima ez klase soziala: sistema bera da"

Erabiltzailearen aurpegia Noemi Bergantiños 2011ko abe. 4a, 14:38

Pamela Palenciano (Andujar, Jaen) emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan aktibista da. Gaur egun El Salvadorren bizi eta lan egiten duen emakume honek ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egin ditu eta hainbat proiektutan parte hartzen du. Hauen artean, Laudion “No sólo duelen los golpes” izan dugun argazkien erakusketa.

Paloma Palenciano (Andujar, Jaen) emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan aktibista da. Gaur egun El Salvadorren bizi eta lan egiten duen emakume honek ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egin ditu eta hainbat proiektutan parte hartzen du. Hauen artean, Laudion “No sólo duelen los golpes” izan dugun argazkien erakusketa. Honetan, Palomak berak bere lehenengo bikotekidetik jasotako indarkeria eta indarkeria honek orokorrean adierazten dituen fase ezberdinak erakutsi nahi dizkigu: tolesgabetasuna, maiteminak, tratu txar psikologikoak, tratu txar fisikoak, gizartearen erantzuna, liberalizazioa eta bizitzaren normalkuntza. Erakusketa ikusteaz gain berarekin hitz egiteko aukera izan dugu:

 

Nola definituko zenuke “No sólo duelen los golpes” proiektua?

Proiektu hau pertsonala dena politikoa delako ideiatik abiatzen da. Baita emakume batzuei gertatzen zaiena emakume guztioi gertatzen zaigula ere sistema patriarkal honen ondorioz. Proiektua saiatzen da ikusezina ikusgai bihurtzen, dauden indarkeria burutsu horiek guztiak, isiltasunak, begiradak, e.a.

 

Zein da proiektuaren helburu nagusia?

Ikusezina dena ikusgai egitea. Sistema matxista salatzea eta emakume eta gizonen arteko maitasun libreagoa lortzea harreman osasuntsuak izan ditzagun non maitasuna benetazko protagonista den eta ez mendekotasuna, indarkeria, kontrola, zeloak, e.a.

 

Nori zuzendua dago zure proiektua? Gazteriari ala gizarte osoari?

Gizarte osoari. Gaztetxoekin, adin tarte horretan daudenekin, oso erangikorra da baina helduekin… Helduren batek idatzi dit bere jokaerak edota harremanak berrikustearen inguruan… Gazteei buruz, erabakitzen duten garaian harrapatzen ditugula esan dezakegu.

 

Nola sortzen da proiektuaren ideia eta zure eskarmentuaren erakusketa egitearena?

Nire psikologoak terapietan oso amorratuta nengoela esaten zidan eta nik esaten nion hemen tratu txarrak jaso ditugun 30 emakume baldin bagaude, hor kanpoan egoera berdina dauden beste 30 emakume egon behar dira, eta gehiago. Ez da 30 emakumeri bakarrik gertatzen zaien gauza. Psikologoak, nire nerabezaroko 6 urteen galera sentipenak sortzen zizkidan mina eta amorrua ateratzeko artea erabiltzea gomendatu zidan. Orduan unibertsitateko lan baterako argazki hauek atera nituen eta poliki poliki lan honek forma hau hartu zuen. Argazkiek beraiek hitz egiten dute, baina diskurtsoa gehiago lantzen da antzerkiaren bidez ahotsa ematen diedanean.

 

Lan ibiltari honekin 8 urte eman eta gero, zer ekarpen edo esperientzia azpimarratuko zenuke?

Kultura eta leku ezberdinak konparatuz oso antzekoak diren gauzak ikusten ditudala azpimarratuko nuke. Nahiz eta niretzat Estatu espainolean Katalunia eta Euskal Herria ezberdinak izan, atzo Katalunian eta herenegun Galizian aurkitu nituen gaztetxoen begirada berdinak ikusi ditut gaur hemen, Laudion. Bietan ere aurpegi berdinak ikusi nituen. Kolonbian, El Salvadorren… formak ez dira berberak baina azkenean sentimenduak berdinak dira.

 

Nolakoa izan da Laudion izan duzun harrera?

Asko gustatu zait. Nire bigarren aldia da Euskal Herrian, eta gehiago etorri nahi dudala sentitzen dut. Hemen, genero politika oso iraultzaileak existitzen dira; adibidez autodefentsa feministarena, hau da, emakume gazteek defendatzen ikasi behar dutela. Hau Madrilen edo Andaluzian pentsaezina da.

 

Gaur egun El Salvadorren bizi zara, zer nolako ezberdintasunak azpimarratuko zenituzke emakumeen kontrako indarkeria dela eta?

Han dena da oso basatia. Umeen rolak oso argi banatzen dira: mutilek nesken lekua sukaldea dela esaten diete eta neskek esaten dute bikotekiderik gabe ez direla ateratzen bortxaketaren bat jasotzeko beldurragatik. Nik pertsonalki badakit kodigo bat ikasi behar dudala han bizi ahal izateko baina orain gehiago beldurtzen nau hemen dagoen kodigoak. Izan ere, badirudi nahi duguna esan dezakegula, aurrera joan garela sentitu dugula eta gizarte ezberdin bat nahi dugula esan dezakegula. Baina orduan, zergatik mehatxuak jaso pentsatzen dudana esateagatik? Erakundeetako politikak aurrera joan badira ere, gizarteak atzera egin du. Bestela telebistan eta zinemetan jartzen diren pelikulak ez lirateke jarriko. Orain dela 50 urte saltzen zena gaur egun ere saltzen da: emakume polita eta gizon bihurria, bortitza eta gaiztoa, emakumeei gustatzen zaiguna…

 

Zer egin dezakegu indarkeria hau desagertzeko? Nondik has gaitezke?

Hasieratik hasiko nintzateke, indarkeriaren jatorria ez da ez autoestima ez klase soziala. Jatorria sistema bera da, zeina jostailu batean hasten den, hitz egin edo mundua ikusteko modu batean. Feminismoak mundua begiratzeko beste modu bat proposatzen du. Gizonen kontra ez doana. Hetereonormatiboaren kontra ez doana. Nolakoa izan behar naizen esate hori apurtu nahi dut. Sistemari eraso behar diogu egunerokotasunetik!

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide