Duela urtebete pasatxotik zaitugu Korrikaren koordinatzaile, 2013a ezkero kargu horretan egondako Asier Amondori lekukoa hartuta; zer moduz?
Ondo. Korrika arduraduna izatea izugarrizko ardura da. Nik beti esaten dut bakarrik ez dela egiten lan hau. Talde handi baten laguntza jasotzen dut eta egunerokotasunean taldean aritzen gara. Apurka-apurka, bagoaz edizioa prestatzen.
2022ko azarotik egiteko horretan, baina 2015a ezkero zabiltza AEKn eta Korrika bera ere ezagutzen duzu hainbat arlotan.
Bai. Hasiera batean, AEK-ko kide guztion moduan, Korrika antolaketetan parte hartzen dugu; lehenengo, eskualde mailan, bakoitzari dagokionetan. Gero, eduki dut aukera 21. Korrikan furgoneta-taldeetako kide izateko eta Euskal Herri osoa zeharkatzeko Korrikarekin batera. 22. edizioan prentsa-taldeko kide izan nintzen. Beraz, badira Korrika bera bizi izateko hainbat modu.
Korrika... nola definituko zenuke?
Korrika zerbait bada, nire ustez, emozio-jai bat da, baina ezin dugu ahaztu, sarri, jai horretan gelditzen garela eta oso presente eduki behar dugula aldarrikapenerako ekimena dela. Euskararen inguruan antolatzen den Euskal Herriko ekimenik erraldoiena da. Gizarte osoa mugiarazten du eta muga bakarra hizkuntza bera da. Orduan, oso ekimen potentea da.
Zu zeu egitasmoaren gidari zarela egingo den lehen Korrika izango da; 2024koan zertan igarriko da gidaritza aldaketa hori?
Bakoitzak bere aletxoa jartzen dio. Lehen esan dudan moduan, nik taldeari garrantzi handia ematen diot. Azkenengo ikasturtean askotariko hausnarketak eraman ditugu aurrera. Euskara da guretzat erdigunea, baina badakigu Harro herri eta euskararen Harro herri hori sortzeko beste arlo batzuetan ere eragina eduki behar dugula. Esaterako, gizarte erantzukizuna landu izan dugu, aztarna ekologikoa ere bai… Korrikak arropak ateratzen ditu, eta arropa horiek nondik datozen azterketa egin dugu; saiatu gara hurbiltzen materialetan ere berrikuntzak sartzen. Ez da erraza. Ezin dugu ahaztu Korrikak bi helburu dituela: bata, euskararen kontzientziazioan suspertzea; eta bestea, AEKrentzat baliabide ekonomikoak batzea. Orduan, oreka hori mantenduta pauso txikiak egiten aurrera goaz. Euskarriei dagokienez, Korrika hurbildu ahala Euskal Herri osoa apaintzeko ardura hartzen dugu AEK-ko kideok, baina apainketa hori, sarri, plastikoz janztea dela iruditu izan zaigu. Orduan, horri aurre egiteko, materialak eta beste modu bateko apainketa batzuk sustatzen gabiltza.
Horiek guztiek eta aurreko edizioak izandako dimentsioa kontuan izanik, ez duzue erronka makala aurretik.
Azkenengo edizioan, batez ere, kilometroz kilometro jendetza egon zen. Harrera oso beroa izan zen, baina Donostiako bukaera izugarria izan zen. Orduan, orain arte, azaroaren 16an aurkeztu genuenetik harrera ere oso ona izan da eta aurreikusten dugu bide beretik joango dela 23. edizioa.
Eta nola hartu tamaina? Nola egin patxadazko antolaketa bat? Nola ari zarete?
Ez da erraza, baina bagabiltza. Eguneroko lana da. Batzuek duela gutxi Gabonetako oporrak izango zituzten. Gu, beste martxa baten, baina lanean ibili gara, eta apurka-apurka. Bada gustura egiten den lan bat, eta, behin Korrika amaituta, orduan hartuko dugu atseden.
Harro herri lelopean egingo da; azaldu iezaguzu hitz pare horren ideia.
Batetik, azpimarratu nahi izan dugu badela momentua euskaraz harro bizi nahi dugula eta bizi garela adierazteko. Harro, baina ez konforme. Aldi berean, lehen esan dut Korrika aldarrikapenerako egitasmoa dela, eta ezin dugu ahaztu azaroaren 4an Kontseiluak deitutako manifestaldi hartan bildutako jende guztia. Hori da, gure ustez, badagoela gogo bat euskaraz Harro herri sortzeko. Orduan, gutako bakoitza nahiz eta ezberdina izan, bakoitzak bere iritzi, pentsaera eta jokaerak izango ditu, baina hizkuntza berak batuko gaitu. Euskaraz batuta sortuko dugu komunitatea Harro herri.
Aurtengo omendua: Azterketak Euskaraz kolektiboa. Baxoa –Frantziako Estatuan goi-mailako ikasketak egin ahal izateko ezinbestean eskuratu behar den titulua– eta Brebeta –Frantziako Gobernuak 14-15 urteko ikasleei euren kolegioko eskolaratzea gainditu dutela ziurtatzeko ematen dien diploma–; bi azterketa horiek euskaraz egiteko borrokan dabiltzan ikasleak omenduko dituzue.
Sarri, iruditzen zaigu hegoaldean Azterketak Euskaraz kolektiboaren borroka hori ez dela askorik ikusten edo ez dela ezagutzen. Orduan, 23. edizioan iruditu zaigu momentu ona dela eurei aitortza egiteko, badelako borroka luze bat. 25 urte edo gehiago izango dira hasierako ikasle haiek planto egiten hasi zirenetik, hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenen borrokan hasi zirenetik. Eta 25 urte hauetan, batetik, belaunaldiz belaunaldi egindako transmisio bat izan da eta lortu dituzte proba batzuk euskaraz egitea. Azken hilabeteetan atzerapausoa ere eman da, ez dituztelako galderak euskaraz jasoko, baina ikusten dugu lanean ari direla, eta horregatik aitortu nahi izan dugu egunerokotasunean egiten duten borroka hori. Gainera, erdigunean jartzen diren egitasmoaren sustatzaileak ikasleak dira, momentu honetan direnak edo izan direnak. Inguruan badituzte irakasleak, Seaskaren inguruan mugitzen diren gainontzeko kideak eta gurasoak. Baina gaztetxo horiek izatea egitasmoaren bultzatzaile oso interesgarria iruditzen zaigu.
Garrantzitsua izaten da kantua, ekimenaren bidelagun izaten delako eta jende askorengana heltzen delako. Aurtengoa Maite Arroitajauregi Mursego musikariak ondu du; eta bideoklipa, berriz, Amaia Badiolak.
Korrika batzordean aukeratu genuen Mursego izatea kantaren egilea, eta jakin genuen zerbait berezia izango zela. Emaitza ikustearekin batera, pozarren. Uste dugu zenbat eta gehiago entzun orduan eta gehiago gustatuko den kantua dela, eta Korrika egiteko primerakoa.
23. edizioa izango da aurtengoa; martxoaren 14tik 24ra egingo da, Irundik Baionara. Zergatik aukeratu dituzue toki horiek ekimena abiatu eta helmugaratzeko?
Guk AEK barruan irizpide batzuk ditugu. Azkenengoa Donostian amaitu zenez, herrialde horretako herri batetik abiatzea da irizpideetako bat. Gipuzkoak Irun proposatu zuen. Zergatik Irun? Korrika jarraitzaileak bagara, azkenengo hasierak izan dira herri txiki, arnasgune eta halakoetan. Baditugu Amurrio, Otxandio, Urepel… Bat-batean Irun. Irun bada Gipuzkoako bigarren herririk populatuena, eta, aldi berean, Gipuzkoak badauka ezaugarritzat arnasgune izatea Euskal Herri mailan, baina arnasgune horren barruan dena ez da urre. Horren adierazle izan daiteke Irun. Irungo kideek proposatu zuten bertan hastea, eta egokia iruditu zitzaigun. Batetik, badelako modu bat Korrika hasiera bertako euskalgintza indartzeko. Guk azaroaren 16an nazio mailako aurkezpena egin genuen. Aste hartako zapatuan Irungo euskalgintzak deialdia egin zuen eta jendearen harrera eta erantzuna oso ona izan zen. Ordutik, badabiltza lehen eguneko egitaraua antolatzen herri mailako eragileekin, eta ematen du euskalgintza berpizten ari dela. Orduan, oso egokia iruditzen zaigu.
“Bada momentua euskaraz harro bizi nahi dugula eta bizi garela adierazteko”
Helmuga, Baiona.
Jakingo duzuen moduan, hurrenkeran tartekatzen dira hiriburuak, eta aurtengoa Baionari tokatu zaio.
Atzo ezagutu genuen aurtengo ibilbidea. Herri guztietatik pasatzea ez da posible, baina, kasu horretan ere, zein irizpide hartzen dituzue kontuan Korrikaren mapa osatzeko?
Korrika aurkezten den bakoitzean, jendea ibilbidearen zain egoten da. Guk nazio mailako irizpideak ditugu eta saiatzen gara ahalik eta herri gehienetatik igarotzen; gutxi gorabehera, 210 herri igaroko ditu Korrikak. Badira irizpide batzuk bai ala bai bete beharrekoak edizio oro. Hori bada herrialde guztiak zapaltzea eta AEKren euskaltegia dagoen herrietatik pasatzea. Horrez gain, saiatzen gara, gutxienez, herrialde bakoitzeko eskualde guztiei keinutxoa egiten. Batzuetan, zeharkatu; beste batzuetan, ukitutxo bat. Badaude hainbat toki iristeko ez direnak hain errazak; bertaraino joan eta buelta egin behar dena. Eta zailtasuna badauka ibilbidea osatzeak.
Horiek ere aintzat hartzen dituzue eta edizio bakoitzean begiratzen duzue aurrekoan nondik ez zen pasa.
Ibilbide bera ez da izaten inoiz. Gainera, hasierak eta amaierak ere markatzen dute. Beti kontuan izaten da aurrekoan nondik ez ginen pasa edo noiz pasa ginen azkenengoz. Badira leku batzuk lau urtetik behin ikusten dutenak euren herrian Korrika. Horrelakoak ere kontuan izaten dira. Eskualdez eskualde jasotzen dira lehentasunak, eta gero, horien guztien artean aukeratzen da zer den posible eta zer utzi behar den hurrengo ediziorako.
Aurtengoari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?
Aurtengoa Irundik abiatuko da eta Hondarribiraino joango da. Adibidez, hor joan-etorria, ez dago aukera askorik. Eta gero, Ipar Euskal Herrira sartuko da. Zeharkatuko du Ipar Euskal Herri osoa eta Zuberoatik Nafarroara joango da. Azken edizioetako joera bada Erribera inguruan asteburua egitea. Gainera, Euskal Herriko talde, elkarte eta lagun asko batzen dira inguru horretan Korrikaz gozatzeko. Badelako beste modu bat norberaren herrian bai baina beste leku batzuetara hurbiltzea. Gero, pixkanaka gorantz joango da: Araba, Gipuzkoa, Bizkai... Nabarmentzekoa, adibidez: aspaldi, Durangaldean Mañaritik ez da igaro, eta gero, Urkiolan gora igo beharko da mendatea. Elantxobe ere bai. Orduan, horrelako keinutxoak egin dira.
Debagoienean, esaterako, Elgetatik Zaldibarrera heltzeko Aixolako urtegi ondotik joango da.
Ez da ohiko bidea, baina bertakoek proposatu dute. Guk beti esaten dugu: “Bertakoek esaten badute, eurek dakite ondoen”. Eta aurrera.
Tokatuko da zenbait kasutan –Debagoienaren kasua ere hori da– behin pasatu beharrean birritan pasatzea.
Debagoiena eskualde handia da. Hainbat sarrera eta irteera ditu, eta bi egunez gozatzeko aukera egongo da. Aurrekoan, Oñati ere ez genuen ukitu, eta edizio honetan ere pasako gara bertatik.
Eskuz esku eta kilometroz kilometro lekukoa ematen dute korrikalariek eta euskaldun ezagun baten idatzitako mezua gordetzen da barruan. Hori sorpresa izango da, noski. Amaiera ekitaldian zabalduko da bertan idatzitakoa lau haizeetara, baina zer da mezu horren bitartez bilatu nahi izaten dena?
Lekukoak barruan ematen duen mezua berezia da. Gainera, sortzen da halako emozio-intriga hori behin lekuko barruan sartzen denean ea nork idatzi duen. Kinielak egiten dira lagunarteetan. Guk bilatzen dugu Korrika edizio osoa biribiltzea. Sarri, jendartean esaten dugu martxoaren 14tik 24ra dela Korrika, baina gu azaroaren 16an Korrika aurkeztetik gatoz, bitartean eskaintza kulturala itzela izanda, Korrika beka daukagu, kantua ateratzen da, dokumentala aurkeztuko da… Hori guztia ere bada Korrika guretzat. Guk sei hilabeteko ziklo moduan bizi dugu, eta hori guztia biribiltzeko pastelaren goiko txokolatetxoa dela esan daiteke. Eta edizioak berak duen mezua eta leloa borobiltzeko pertsona batek idatzitako mezua da.
Baionan argituko da hori; han egingo da azken festa handi hori. Horri buruz ezer aurreratzeko moduan zaude?
Prestaketa lanetan gabiltza. Hango kideak ari dira buru-belarri. Espero dugu Donostia bete zen bezala Baiona ere betetzea, eta ziur eskaintza ere oso zabala izango dela.
Aipatu berri duzu. Ordura arte izango dira hamaika ekitaldi, badiharduzuelako motorrak berotzen ekitaldi handi horri begira. Aurten, ekitaldi nagusia kultur sorkuntzarako bekaren bitartez taxututako Badon opera garaikidea izango da. Joan den abenduaren 1ean estreinatu zen, Gasteizen. Zer da eta zer moduzko harrera izan du?
Uste dut harrera oso ona izan duela, oso berezia delako. Ez da horrelakorik ikusi Euskal Herrian eta euskaraz orain arte. Nik neuk ez daukat hitz bakar bat azaltzeko. Bada kantua, bada musika, ikus-entzunezkoa, antzerkia, bakarrizketak… Dena elkarrekin, eta aukera asko daude Euskal Herrian, hamabost ikuskizunetik gora aurrerantzean ere. Aukera izanez gero, nik gonbita egiten dut denok ikusteko.
Parte hartzeko moduei dagokienez, nola parte hartu daiteke Korrikan?
Eskaintza kulturala izugarria da. Kilometroak eskuratu eta korrika egitea izan daiteke modu bat, espaloitik txalo egin eta animatzea… Gure webgunean horiek guztiak bilduta daude. Arropak ere atera dira, ekarpen ekonomikoa egiteko moduak asko dira: Korrika laguntzaile bihurtu, herriz herri antolatzen diren batzordeetan antolaketa lanetan aritzeko. Sarri AEK-ko kideon esku geratzen den lana da, baina Korrika batzordeak ia herri guztietan sortzen dira. Aukerak, milaka.
Bi urtez behin, hamaika egun eta hamar gau lasterka. Eta gero zer? Zertarako baliatu beharko litzateke Korrikak bistaratutako indarra?
Sarri, kezka hori guk ere izaten dugu. Horretan badugu lana eta erronka. Lehen esan dudan bezala, azaroaren 4an egon zen indar agerraldi bat, herriak erantzun zuen. Orain, Korrika dator, eta espero dugu herriak erantzutea. Gero etorriko da Euskaraldia. Orduan, guztion artean asmatu beharko dugu zikloka aritzeko eta indar hori metatu eta erabiltzeko modua.
Eta ekonomikoki, zenbateraino da garrantzitsua Korrika AEKrentzat? Zertara bideratzen da batutako dirua?
1980an Korrika sortu zenetik, helburuek berberak izaten jarraitzen dute. AEK-k gaur egun 600 AEK-kide ditu, 100 euskaltegitik gora Ipar eta Hego Euskal Herrian banatuta, nazio mailan aritzen garelako, eta guk baliabide horiek eguneroko lanerako erabiltzen ditugu; Korrikatik jasotakoak. Gure lana bada euskara-eskolak ematea, ezagunena dena, baina, horretaz gain, praktika egitasmoak ditugu, aholkularitzak eta beste hainbat zerbitzu. Horiek guztiak patxadaz emateko eta zerbitzu egokia bermatzeko erabiltzen da baliabide hori.
Zein da AEKren gaur egungo egoera?
Duela lau urte, HABEk finantzaketa-lerro berri bat sortu zuen gizarte ekimeneko euskaltegientzat, baina finantzaketa-sistema horrek euskara eskolak soilik laguntzen ditu diruz. Gurean euskara-eskolak zati handi bat dira, baina baditugu aipatutako beste zerbitzuak ere. Gu kooperatiba garen heinean, erabaki dugu Hego Euskal Herrian, Nafarroa barne, HABEk ez duena diruz laguntzen, guztiok baldintza beretan egingo dugula lan eta irabazi. Ondorioz, horrek gauzak erraztu zizkigun, baina beste buruko min batzuk eman ere bai. Orduan, Korrikatik lortzen den dirua ere horretara bideratzen da. Egun, 1.000 ikasle ditugu Ipar Euskal Herrian, 10.000 Hego Euskal Herrian, eta ikasturte honetako datuak positiboak dira.
Herritarren kontzientziazioan eta aktibazioan eragin bai, baina erakundeek ere zeregin garrantzitsua dute euskararen normalizazioan, behar dira baliabideak eta behar dira egiturazko neurriak; are gehiago, euskararen aurkako oldarraldiak bizirik segitzen duela ikusirik. Oraingo astean bertan Donostiako epaitegi batek esan du “diskriminatzailea” dela udaltzain izateko euskara eskatzea…
Guk sarri uste dugu euskararen biziraupena norbanakoen ardurapean uzten dela, eta hor argi uzten dugu hizkuntza-politika eraginkorrak behar ditugula eta hori denon esku dagoela, ez norbanakoen esku.
1980an egin zen lehen Korrika, Oñatitik Bilbora. 22 Korrika eta 44 urte igaro dira. Zer nabarmenduko zenuke ordutik gaurdaino egindako ibilbidetik? Zertan egin dugu aurrera? Eta alderantziz, zertan atzera?
Hasierako irudiak ikustearekin batera oso jende gutxi, leku askotan pertsona bakarra edo kostatu egiten zen… Gaur egun, lortu dugu Korrika ezaguna izatea Euskal Herri osoan, eta arazo horiek ez ditugu. Egia da babesa ere geroz eta handiagoa dela sektoreetatik. Orduan, pozgarria da, Korrika hazten joan den ekimena izan delako. Atzera egin dugu? Atzera egitea esatea ez dakit egokia den, baina bai presente izan behar dugu jai kutsu hori aldarrikapenarekin batera etortzen dela; ez soilik jai bat izatea Korrika.
Euskara ikasteko doakotasuna, noizko?
Gobernuek doakotasuna aipatzen dute. Guk doakotasuna beste modu batera ulertzen dugu. Gaur egun planteatzen dena da ikasleak aurretiaz ordaintzea matrikula eta gero, maila egiaztatu ondoren, baldin eta emaitza ona bada, bueltan jasotzen du aurretiaz jarritako kopurua. Guk doakotasuna ulertzen dugu hasiera batetik dirurik ez jartzearekin. Orduan, horretan ere ari gara lanketan.
Hizkuntza gutxitua duten nazioarteko beste herri batzuetako ordezkariekin izan dituzue harremanak azken boladan. Zer-nolako gaiak lantzen dituzue eta zein da helburua? Elkarrengandik ikastea, elkarlanerako aukerak aztertzea…?
Korrika munduan bada arlo bat oso deigarria dena eta jendartean interesa pizten duena, eta hor bi adar bereizten ditugu: batetik, munduan zehar egiten diren euskararen aldeko Korrikak; eta, bestetik, beste hizkuntza gutxiagotu batzuetan egiten diren Korrika ahizpak. Azken horiek Korrikaren ezaugarri antzekoan dituzten ekimenak dira, baina beste hizkuntza gutxiagotu batzuetan. Oraintsu egon gara bretoiekin eta okzitaniarrekin. Haiek egiten dute Ar Redadeg eta La Passem. Kasualitatez, pandemia dela-eta urtez aldatu behar izan genuenez, ikasturte honetan tokatzen dira hirurak. Uste dugu lan-ildo batzuk partekatu ahal ditugula. Adibidez, erdal prentsetako estrategia zein izan daitekeen edo elkarren artean egiten ditugun antolaketa ereduak partekatu. Oso egitasmo interesgarriak dira, eta badaude beste batzuk Valentzian eta Herrialde Katalanetan ere, baina arlo kulturala lantzen dute gehiago, eta ez lasterketara bideratuta.
Korrikaren ahizpak aipatu dituzu; haiek Korrikatik hartu zuten ideia?
Lehendabizikoa Korrika izan zen, eta gero zabaltzen joan da; eta ondoren, fenomeno bat izan da. Gu pozarren, mundura zabaldu eta hizkuntza gutxituen komunitatea zabaltzen digulako.