Urtero Laudioar ugari biltzen gara Dolumin Barikuko azokaren inguruan; lagunekin elkartzen gara, taloak jaten ditugu, NKTren kantu-jiretan abesten dugu eta, noizbehinka, onartu beharra dut Gaztetxeko pareten artean gauak luzatu izan zaizkigula.
Gogoan dut, aldiz, 2017. urtekoa berezia izan zela, Korrika igaro baitzen jendez lepo zegoen erdigunetik. Eguraldi eguzkitsu batek lagunduta, pertsona andana batu ginen tarte batez izerditu eta gure hizkuntza aldarrikatzeko, Arakaldora iristerako arnasestuak nagusi baziren ere. Eguna borobiltzeko aukera paregabea.
Euskal Herriko herri eta hiriak blai utziko dituen ibai harrotu baten gisan, Irunen jaio eta Baionan itsasoratuko da aurten 23. KORRIKA. Hala, berriro ere, aldarriz zipriztinduko du gure eskualdea martxoaren 22an, Artziniegatik hasi eta Arrankudiagatik Arratiarantz ihes egingo duen arte. Eta, duela 6 urte legez, Dolumin Barikuarekin bat egingo du Laudion.
Oraingo honetan, ordea, penaz, urrutitik bizi beharko dut eguna. Hori bai, dudarik ez izan, Korrikako petoak Costa Rica zeharkatuko du bertako lagunez inguratuta.
Beraz, hankak eta eztarriak berotzen hasteko unea iritsi da, birikak airez bete eta paparra harro puztekoa. Espero dut bertan arituko zaretenak entrenatzen ibili izana, kilometroak egin ondoren ere, antza, ez baita erraza izaten pankartaren atzetik eustea.
Gora KORRIKA! Gora euskara!
Costa Rican ere euskararen alde!