Inoizko "Hiru Haundiak" lasterketa aiaraldearrena

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2014ko eka. 12a, 08:16

Aiaraldeko 50 lagun inguruk hartuko dute parte larunbat honetan Hiru Haundiak iraupen luzeko mendiko kirol-proban. Jabi Olabarriak eta Gaizka Barañanok aukera handiak dituzte aurre-aurrean ibiltzeko.

Aiaraldeko 50 lagun inguruk hartuko dute parte larunbat honetan Hiru Haundiak iraupen luzeko mendiko kirol-proban. Jabi Olabarriak eta Gaizka Barañanok aukera handiak dituzte aurre-aurrean ibiltzeko.

Bertan dugu Hiru Haundiak, Euskal Herriko mendi-lasterketen denboraldiko hitzordu nagusietako bat. Gasteizko Manuel Iradier Txangolari Elkarteak antolatutako proba hau bi urterik behin egiten da eta egutegian gorriz markatuta daukate bertoko eta estatu osoko mendi-lasterkari eta mendizale askok. Benetako klasikoa da Hiru Handiak, distantzia luzeko lasterketen aitzindaria gure artean eta, jakina, proba luzea (100 km) eta benetan gogorra, ia 10.000 metroko desnibel metatuarekin. Izenak dioen lez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru mendi mitikoenak zeharkatzen ditu: Gorbeiagana, Anboto eta Aizkorri. Izena eman duten 1.400 parte-hartzaileek 24 orduko denbora-muga izango dute ibilbidea betetzeko. Gainera, aurten Ultra Trail du Mont Blanc lasterketarako puntuagarria izango da.

Hiru Handiak historia luzeko proba da; 1987. urtean egin zen lehenengoz, Iradier Txangolari Elkarteko kide batzuek lehendik buruan zuten ideia gauzatuz, eta arrakasta handia izan zuen. Esan bezala, aitzindaria izan zen, duela ia 30 urte dagoeneko ezarri baitzituen gutxieneko eta gehienezko denborak, kontrol-puntuak eta ondoren mendi-ibilaldietan erabiliko ziren elementu asko. Harrezkero, 1996ra arte urtero egin zen, eta hortik aurrera bi urterik behin. 2000. izan zen lasterketa egin zen aurreneko urtea, ohiko mendi-ibilalditik aparte, eta hiru ediziotan hala izan zen. 2006an, ostera, biak batu egin ziren eta ordutik hona proba bakarra da, gutxieneko denborarik gabekoa eta 24 orduko gehienezko denborarekin. Palmaresari begirada arin bat emanda, ikusi dezakegu oso gutxi izan direla 12 ordu baino gutxiagotan egin duten lasterkariak, tartean proba lau aldiz  (2002, 2004, 2006 y 2008) irabazi duen Joxelu Albizuri azpeitiarra, eta 2012ko edizioan errekorra hautsi egin zuen Iker Karrera handia. Amezketarrak 10 ordu eta 23 minutuan bete zituen ehun kilometroak, hobetzen benetan gaitza izango den marka ezarrita.

Aurtengoa edizio berezia izango da guretzat, izan ere asko eta asko izango dira Aiaraldetik joandakoak Gopegiko irteera-puntuan (50 baino gehiago dira izena emandakoak). Tartean, aurrean ibiltzeko aukera handiak dituzten bi kirolari daude: Gaizka Barañano Txapel amurrioarra eta Jabi Olabarria orozkoarra. Barañano eskarmentu handiko mendi-lasterkaria da –aurten Euskal Herriko ultratrail txapelduna da- eta badaki gainera zer den proba honetan oso maila altua ematea, 2012an 4. postua eskuratu baitzuen, 12 ordu eta 14 minutuko denborarekin. Olabarria, berriz, mendi-lasterketetan arrakastaz beteriko ibilbide luzea egin ostean aurten animatu da distantzia luzeekin, eta zelan gainera: duela aste bi Leitzako EH Mendi Erronka lasterketan podiumeko bigarren koskara igo zen, Iker Karrera handiaren atzetik. Ikusteke dago zer maila ematen duen Olabarriak 100 km-ko proba batean, baina aurreikuspenak oso goian jarri ditu. Biek izango dituzte aurrez aurre oso arerio gogorrak: Javi Domínguez, Angel Arrieta, Pedro Etxeberria… Emakumezkoen artean Silvia Trigueros eta Oihana Azkorbebeitia dira faborito nagusiak.

Baina arretaz jarraitu beharreko puntako kirolari bi horietaz gainera gure eskualdeko herri guzti-guztietako parte-hartzaileak izango dira irteeran, adore eta meritu berberarekin (edo handiagorekin) Hiru Haundiak mitikoaren ehun kilometroei ekiteko prest. Guztiei adi egongo gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide