“Artziniega Ibilaldia” martxoaren 2an egingo da

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2014ko ots. 7a, 09:26

Ganzorrotz mendizale taldeak bosgarren urtez antolatu du udalerriko mendi-ibilaldia. Bi ibilbide izango ditu, 26 eta 12 km-koak hurrenez hurren.

Ganzorrotz mendizale taldeak bosgarren urtez antolatu du udalerriko mendi-ibilaldia. Bi ibilbide izango ditu, 26 eta 12 km-koak hurrenez hurren.

Martxoko lehen igandea aukeratu du aurten ere Ganzorrotz Mendi Kirol Elkarteak herriko mendi-ibilaldia egiteko. Bosgarren urtea da “Artziniega Ibilaldia” antolatzen duela eta ohi lez udalerriko mendi eta basoetan barrena bi ibilbide prestatu dituzte: bata luzea izango da, 26 km-koa, eta horretan Peñalba, Otsati eta Zaballa mendietatik pasatuko dira mendizaleak. Guztira 1400 metroko desnibel metatua izango du.; laburrak berriz 12 km izango ditu eta Soxoguti herritik pasatuz Zaballa mendira joango da, ibilaldi luzearen ibilbidearekin bat eginez. Ibilbide laburra egokia da mendian ibiltzeko ohitura duten umeentzat ere.

Ibilaldi luzea 8:00etan abiatuko da frontoitik, eta laburra ordu eta erdi geroago, 9:30ean. Izena eman daiteke web gunearen bidez otsailaren 27ra arte eta egunean bertan 7:00etatik 7:45era martxa luzerako eta 8:30etik 9:15era martxa laburrerako. Jatekoa eta edatekoa egongo da ibilbide luzean. Frontoian odoloste eta txerriki errea egongo da parte-hartzaile guztientzat 13:00etatik aurrea. Izen-ematea doakoa da.

“Yarri” memoriala

Ibilaldia Jose Manuel Yarritu “Yarri”-ren omenezko ekitaldia izateko asmoarekin jaio zen. Izan ere, Yarritu mendizale sutsua izateaz gain, Artziniegako mendiak, bideak eta txokoak ezagutarazteko lan handia egin zuen. Duela urte batzuk hil zen eta 2010ean hari omenaldi bat egiteko helburuarekin ere jaio zen Artziniega Ibilaldia.

Ekitaldi jendetsua

Aurreko urteetan kirol-ekitaldi honek jende ugari erakarri izan du Artziniegara (iazkoan 800 lagun inguru), gehienak Bizkaitik eta Arabatik etorrita, baina Euskal herriko beste herrialdetatik ere jende asko etortzen da, baita atzerritik ere. Antolakuntza lanetan ere nahikoa jende aritzen da, berrogei boluntario baino gehiago.

Otsaileko irteera, Lunadara

Artziniega Ibilaldiaren aurretik, beste hitzordu bat du Ganzorrotzek: neguko irteera Lunada aldera. Eguraldia egokia bada, asmoa da Castro Valnera mendira igotzea, mendiko eskiekin zein oinez. Antolakuntzatik esan dutenez, derrigorrezkoa da neguko materiala eroatea, hau da, arropa egokia, kranpoiak eta pioleta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide