Bi urtero bezala, Korrikaren ibilbidea argitaratzen den momentuan, Artziniegako biztanle guztiok mapa arretaz begiratzen dugu gure herria hor ikusteko itxaropenarekin.
Herri txikia izanda, Korrika lau urtero ikustera ohitu gara, baina aurten, 2019koan parte hartu eta gero, berriro izango dugu lekukoa gure herritik ikusteko aukera. Gainera aurten Amurriotik hasita, ilusio handiarekin emango diogu ongi etorria.
Artziniegatik Balmasedarako bidea hartuko du. Bide horren tartean Burgoseko zati bat dago eta kilometro horiek, gu geuk, artziniegarrok egiten ditugu, esan dezakegu lau urtean behin Burgosen euskara aldarrikatzen dugula.