Laudioko Goikoetxe auzotik, Aretako erdigunera, eta handik Aretako alde zaharrera, Nerbioi ibaiaren bi ertzeetatik ibilia. Aretarra bihurtuta, han sortu zenuen familia jator hori. Familia langile gehien bezala, pisu xume batean urteak pasa ondoren, izugarrizko lanaz, ametsa egia bihurtu eta zure baserria eraikitzen gozatu zenuen, Aretako memoria babestuz eta antzinako eraikin eta bizimoldeak bultzatuz, gure herri txikiko “kaletxoa” berrindartzen lagundu zenuen.
Gauza txikien zaintzaile, detaile minimoak, harria (inor baino hobeto honetan aditua) zein egurra landu zenituen, zure jendeak bertan kabia eduki zezan. Ortu eder bat landatu zenuen ere, guztion inbidia, naturarekin elkarlanean, zure perfekzionismoaren erakusle.
Lehendabizi harria lantzen, zure aitarekin batera, herri honetako 60-80 hamarkadetako eraikin gehienetako eskailerak eta harrezkero zenbait hilarriak landu zenituen.Tabernari lanetan, Boni osabarekin, gazte denboran ari zinela esan didate ere. Zure lan-bizitzaren bigarren zatia Tubacexen eman zenuen, bertan sindikalgintzan egindako ekarpena ere zure izaerak ekintzailea berresten du, langileriaren defentsan. Ez zara inoiz herri honen errealitatetik aldendu. Lagun talde txikian euskara ikasten hasi izan zinela ere jakin izan dut, zuk lortu ez bazenuen ere, zure hurrengo belaunaldiari bidea erraztu zeniola jakiteaz disfrutatu izan duzu, eta hizkuntza honen goxotasuna dastatu ere.
Herri ekimenetan partaide izan zara, Aretako lehenengo Olentzeroren ospakizunetan zure traktore-erremolkearekin Alpitxutik jaitsitako Olentzero kalejiran eraman zenuen, eta azken urteetaraino hainbat bazkari herritarretan sukaldari moduan ere: zelako talentua, Patxi. Zenbat bazkari herrikoi Aretako jaietan eta beste hainbeste ospakizunetan prestatu izan dituzunak. Ez zenuen inoiz huts egiten, beti hor: auzokide, lagun eta senide sentitu zaitugu ingurukoak.
Herri honek bizi izan dituen injustizien lekuko, Madrilera gure gazteak Audientzia Nazionalaren eskuetatik jasotzera joan ginenean, guztietan zure irri eta barre, animoak, hurbiltasuna eta zure babes leiala sentitu izan ditugu.
Aitaren bila joan ginenean 1998an eta 2015an bigarren aldiz, egun ahaztuezin horiek konpartitu genituen zurekin eta zure familiarekin, horietan gertatutako anekdotak zenbat aldiz oroitu ditugun irribartsu. Aitaren harreran egindako bazkarian zu izan zinen sukaldaria, zelan ez, jaia borobiltzen, esaten dute janariaren bitartez maitasuna adierazten dela ere... ez dut zalantzarik!!!
Elkar topatu dugu bidean askotan (gehiagotan nahiko nuke baina...), Kofradian zure begirada konplizea sentitu nuen, zure errekonozimenduak eta pozak harrotu ninduen, zurekin erraza zen bide berri bati ekitea. Txantxa erabiliz, ironiarekin jolastuz, giroa epeltzen zenuen beti.
Bizipozak definitu zaitu, baikortasunez eta umorez bizi izan zara, hori zure altxorra, guztiok erakarri gaituena. Eguneroko gauza xumeak eta txikienak balioz bete eta umore horrekin bustitzen, berezi egiten zenituen, beste maila batean jartzen zenituen. Hori zure bizitzaren arrakasta, txikitasunari zukua ateratzen asmatzea.
Maiteminduta ikusi zaitugu, Pilirekin, eta zure seme-alabekin. Arte bat izan da zuen arteko harremana, artistaz inguratua bizi izan baitzara. Zu ere ez zara makala izan: Abeslari, (habanerak bereziki gustukoak zenituela diote), lagunekin batera bazkaloste paregabeak eman dizkiguzu, kitarra-jole ere ezagutu zaitugu... eta dantzan ere ondo moldatzen zinela entzun dut, bai euskal dantzetan (ezpata-dantzan larrua eramaten zenuen) eta “estilo librean” ere, zure espezialitatea, herrenarena egitea zela gogoratu dut, horretan ere bakarra.
Guzti honengatik eta hainbat eta hainbat ezaugarri eta bizipenengatik gogoratuko zaitugu Aretan eta Laudion. Hutsunea utzi duzu, Patxi, ezinbestekoak diren pertsonak uzten dutenaren neurrikoa. Zure eredua dugu jarraitzeko, umore eta baikortasunez bizitzeko beharra dagoelako, ausardiaz aurre egiten, amore eman barik, zuk erakutsi diguzun bezala.
Eskertzekoa da utzi diguzun aztarna, gu guztion memorian, (lotura berezia sortzen zenuen ingurukoekin, saminduta geratu da jendea zure faltan) eta zure familian landatu duzun hazia, zure xarma jaso dutenak, zure balio eta izaeraren islada dira, Pilirekin batera sortutako altxorrak.
Eta azkenengo bolada luzean osasun arazoekin borrokatzen jakin izan duzu ere... tratamenduak eta aginduak onartuz, zure aldetik errazten, duintasunez bizitza xurgatzen, azkenengo egunetan ere irribartsu, horrela egin duzu bidaiaren bukaera, zu handia, zu garaile.
Zugan inspiratuak, zure bizipoza arnastuko dugu.
Egizu farre, Patxi, gurekin abestu.
Mila esker irakatsitakoagatik.